Aizkora Bigarren Mailako Gipuzkoako finala
Gazteak ere hasi dira onenen artean lekua topatzen
Ugaitz Mugertzak, finaleko gazteenak, lortu zuen txapela, eta bere aita izan zuen aurkaririk handiena. Amaieran semeak 15 segundoko tartea kendu zion.
Jon LEUNDA
Ugaitz Mugertzak irabazi zuen atzo Mendaron Gipuzkoako Bigarren Mailako finala, azken saio estu bezain ederraren ostean. Fausto, bere aita, izan zuen aurkaririk zuzenena, nahiz eta Zaldua ere ez zen oso aparte geratu. Finalean aritu ziren sei aizkolariak ikusteko asmoarekin joandako zaleek bete egin zuten Mendaroko pilotalekua. Unai Otaño ere han izatekoa zen, baina osasun arazoak ditu, eta ezin izan zuen parte hartu. Zubizarreta aritu zen haren ordez. Aizkolari bakoitzak lau kana-erdiko eta bi 60 ontzako erdibitu behar izan zituen. Enborrak Peñagarikanok eramandakoak ziren, eta onak atera ziren.
Saioa hasieratik izan zen ederra. Ugaitz Mugertzak bota zuen lehen enborra lehenengo, eta atzetik bere aita eta Zaldua ziren. Horrelaxe aritu ziren amaierara bitarte, nahiz eta hiruren artean ez zen aparteko alderik izan. Amaieran Mugertza II.a gailendu zen, eta 15 segundora amaitu zituen bere lanak Fausto Mugertzak, eta 42 segundora Zalduak, nahiz eta bere aurkariek lanak amaitu ostean, Zumarragakoak erritmoa jaitsi egin zuen. Ugaitz datorren urtean Lehen Mailan arituko da.
Atzetik ere berehala erabaki ziren postuak. Telletxeak laugarrena hartu zuen, eta handik ez zuen kendu ez Ugarteburuk, ez Zubizarretak, eta ia-ia lehen enborraren amaieran izan ziren postu berdinak izan ziren amaieran ere.
Mendaron jokatu zen Gipuzkoako Txinga Txapelketa ere. Agirregabiriak irabazi zuen berriro ere, esku bakoitzean 50 kiloko txingak hartu eta 22 plaza egin ostean. Alberdik 10 egin zituen, eta Zubiaurrek 9 plaza eta 2 metro egin zituen.
Euskal Herrikoa
Xabier Mindegiak, Ohian Larretxeak, Fausto Mugertzak, Jexuxmari Lasak, Manolo Kañamaresek eta Ander Erasunek herenegun ilunabarrean Elizondon lortu zuten Euskal Herriko Bigarren Mailako finala jokatzeko txartela, 500 ikusle ingururen aurrean. Hamabi aizkolari aritu ziren, eta hiru txandatan lehiatu ziren. Bakoitzak hiru kana-erdiko, 60 ontzako bat eta beste oinbiko bat moztu behar izan zituen.