GARA > Idatzia > Iritzia> Zorroztarria

Julen MURGOITIO

Nagusitik nagusira...

Batzuetan, asko kostata ere, mundua aldatzen hasita dagoen seinalerik topatu dezakegu non edo non. Azken sasoian zezenak dabiltza aldatze bide horretan. Orain ez asko, hiri bateko jaietan toreatzaileari belarria moztuta atera zuten zezena plazatik; ondo gogoratzen ez badut ere ez dut uste zezena bizkarrean aterako zutenik. Orain egun gutxi, ostera, herrialde bereko beste hiri bateko festetan zezena harmailetan dute ikusi, plazari begira ikusle; eta ohiko ikusleak, berriz, plaza erdian harmailei begira. Bai, plazak izan dira sarritan aldaketen abialeku! zezenak geroagokoak dira.

Tira, aldatzen ez dena da hango edo hemengo batzuek hemengo zaborrontziei udan sua emateko duten zaletasuna. Batek daki zaletasun horrek zer ezkutatzen duen, zerbait ezkutatzen badu sikiera. Edozelan ere bertsolariarena gogoan, berriro ere: sutan jartzean probatzen da nolakoa den eltzea. Eta nolakoa den ontzia ere, eta zaborra, jakina, baina batez ere nolakoa den erretzailea. Kontua da, alkohola izan edo adrenalina izan, ekintza horiek ez dutela atez atekoaren alde egiteko baliorik, gehiago erakusten dute horiek errauste planten aldekorik, kalean zabaldutako zabor errautsek handitu egiten baitute zaborra den arazoa.

Ama, ama! zer den uda! Hor dabiltza udako asteak nagusitik nagusira, hiritik hirira. «La Flamenka»-n azken uneak gozatzen daude piratak, aste osoan abordatze jatorretan ibili ostean. Abordatze ederra egitarau ofizialari egin ziotena; betokerrik handienak pirata-ontzitik kanpo diren seinale. Hiri nagusitik hiri nagusira. Hareatzan planto egingo dute egun batez bertoko konpartsek, beltza airean. Beste modukoa, baina abordatzea hau ere; gotorleku bihurtu diren udaletxeei ezkerreko kareletik egina.

Uda, kanpatzeko berezko sasoia omen. Bai zera! Himalaiako beheko haranetan kanpatzeko sasoia, edo Far West-eko mendi-lepoetan ardi-karroak ipintzekoa, zeren eta gure iparrean den Hexagonoan ezinezko bihurtu baita hori Europako ekialdetik atoiak atoi etorritako ijitoentzat. Azalpen ofiziala ez dut entzun baina ez ninduke harrituko errumaniarrek musika txarto jotzen dutela entzuteak. Ama, ama!

Eta marineak Iraketik atera dituztela irakurri dut, jakina! handik atera beste norabait sartzeko. Etengabeko sartu-aterean darabiltzate horiek. Lurrak irentsi bitza basamorturen bateko plazan! Osasunez!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo