GARA > Idatzia > Euskal Herria

Euskal Herria jaietan

Lakuntzako ezkilen errepikak ongietorria eman die agorrileko festei

Urtero legez, ezkilen errepika izan zen Lakuntzako festen hasieraren iragarlea. Herriko preso politiko eta iheslari guztiak gogoan izanda eman zioten atzo hasiera bost egun iraungo duen jai giro bikainari.

p021_f03.jpg

I A | LAKUNTZA

Egun ezin hobea izan zuten atzo sakandarrek, norberak bere erara jaiaz gozatzeko. Goizeko bederatzietan estreinatu zuten egitaraua, zabortegian egin ohi duten plater-tiroarekin. 12.00- etan euskal preso politikoak gogora ekartzen dituzten kanpai hotsak zabaldu ziren herrian, eta doi-doi 12.30 zirenean, txupinazoa jaurtiz, bost egun iraungo duen festak eztanda egin zuen Lakuntzan.

Agorrilaren bukaerak jaia dakar Sakanako herrira, Andre Mariaren eguneko ondoko igan- dean Lakuntzako Pertzaren ospakizuna erabili ohi dute herrian festa giroan murgiltzeko, hala ere atzokoan ez zuten bultzada handiren beharrik izan. Txupinazoaren ondotik, fanfarrea ibili zen herria alaituz, erraldoi eta buruhandiekin batera. Urtero egiten den kartel lehiaketako sari banaketa eta 2009an jaiotako haurrei zapiak emateko ekitaldia izan ziren jarraian.

Festen hasierarako ez ezik, bai brindisean, bai plazan egin zuten herri bazkarian ere gogoan izan zituzten euskal preso politiko eta iheslariak.

Arratsaldean Lakuntzako VI. futbol torneoa jokatu zuten Lagun Artea eta Etxarri Aranatzen artean. Horren ondotik, 19.00- etan, erromeria izan zuten plazan, eta gauean ere parrandazaleak Tximeleta taldearekin aritu ziren 04.30eraino, dantzaldietarako trebezia erakusten.

Primeran pasatzeko aukera

Datozen egunetan Jai Batzor- deak antolaturiko egitarau oparoaz primeran pasatzeko aukera izango dute Lakuntzako herritar guztiek.

Gaurkoan, gaitariekin egin ohi diren dianak izango dira Lakuntzako kaleak ajerik gabe zapaltzen lehenak.

Goiza osatzeko, Lakuntzako Pertza elkartean hamaiketakoa egingo dute, eta aski ezagunak diren Chuchin Ibañezen mariatxiak izango dituzte.

Arratsaldez, umeentzako antzerkia, elkarretaratzea eta Amets taldearekin dantzaldiak izango dira besteren artean.

Beste gauza askoren artean, Gazte Eguna ospatuko dute ostegunean Lakuntzan.

Hau dela eta, Askalats taldeak joko du, bazkalaurrean. Gorputza bapo jarri ondoren, piropo lehiaketa eta bertso-saioa iragarrita daude. Eta 18.30ean, triki-bertso poteoa antolatu dute herriko gazteek.

Gauean Garraxi taldeak agurtuko ditu aurtengo festak, baina ordurako asko falta da oraindik.

Lakuntzako Pertza elkartearen sorrerak badu istorio bitxi bat

Askotan, gauzen edo lekuen izenak nondik datozen pentsatzeko astirik gabe, istorio asko galtzen da bidean. Badira Euskal Herrian hainbat peña edota elkarte, eta batzuetan herrian jazotako pasadizoak azaltzen dituzte horien izenek. Lakuntzako Pertzaren elkartea eta egiten duten ospakizuna horren adibide bikaina da.

Garaian Lakuntzako herritarrak ondoko herrikoekin batera San Migeleko santutegira igo ohi ziren eta bertan «asulbizio festa» ospatzen zuten.

Santutegian jatekoa prestatzen zuten eta horretarako asto gainean igotzen zuten tripotaz beteriko pertza; deskuiduan pertza erori eta maldan behera joan zen, lakuntzar guztiak nahigabetuz. Ondoko herrietakoek ez zuten zirikatzeko aukera alperrik galdu, eta harrezkero ez zuten beste aitzakiarik behar lakuntzarrez trufatzeko.

Hala ere, bromari buelta emanda, Lakuntzako Pertza elkartea sortu zuten 1966. urtean, eta Lakuntzako Pertzaren Eguna ospatzen hasi ziren handik urtebetera.

Agorrilaren 15eko Andre Maria egunaren ondoko igandean egiten dute urtero helduak omentzen dituen ospakizuna. Tradizioaren arabera, astoa, pertza eta odolkiak eraman ohi dituzte eta pertza erori zen tokian hartzen dute hamaiketakoa.

Garaian egiten zen San Migeleko erromeriaren ohitura indartzea lortu zuten lakuntzarrek, eta urtero sekulako festa egon ohi da. Mendiazaleak goizean goiz abiatzen dira, baina autobusak ere prestatzen dituzte. Giro bikaina sortzen dute, dantzaldi eta guzti.

I A

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo