GARA > Idatzia > Kultura

Atungorriaren egoera larria salatu dute zientzialariek dokumental baten bidez

Irudikatu al dezakezu arrainik gabeko mundu bat? Fikzioa dirudien egoera egiazko «amesgaiztoa» bilakatu daitekeela salatzen du «The end of the line» dokumentalak. 2009an Sundance zinemaldian estreinatu ondoren, Donostiako Aquariumen eskaini zuten atzo. Zehazki, atungorriaren egoera zein den azaltzen da, legez kanpoko arrantza masiboak espeziearen biziraupena kolokan jarri baitu. Gizakiari, «bai ala bai», laguntzea dagokiola esan zuten adituek.

Oihane LARRETXEA | DONOSTIA

Urpean bizi dira, itsaso eta ozeano handienen sakonean, eta begien bistan ez badaude ere, arrainak ezinbestekoak dira ekosistemaren orekarako. Espezie ugari daude kinka larrian, horien artean, hegalabur edo atungorria, gizakiaren esku-hartzearen eraginez, etorkizun iluna iragartzen dioten arraina. «The end of the line» izeneko dokumentalak arrain handi honen egoera jaso, eta ohartarazten du legez kanpoko arrantza dela-eta haren biziraupena ez dagoela bermatuta. Hitz gogorrak dirudite, baina errealitatea hala dela ziurtatu zuen atzo Daniel Rollerik, Mar Viva erakundeko kideak.

Filma 2009an estreinatu zuten, Sundance zinemaldian, eta atzo Donostiako Aquariumean ikusteko aukera izan zen. Bertan izan ziren aipaturiko Rolleri eta Miren Gutierrez, hori ere Mar Vivako kidea. «Gaur egungo arrantza erritmoa aldatzen ez badugu -azaldu zuen Rollerik-, 2048. urterako espezie asko desagertu egingo dira». Horren ondorioak biztanleriari eragiteaz gain, ingurumenean ere «amesgaiztoa baino okerrago litzatekeen egoera» eragingo lukeela iragarri zuen: «Irudikatu al dezakezue arrainik gabeko itsaso eta ozeanorik?».

Atungorriaren egoeran sakonduz, arrantza jarduera arautzen duten legeetan aditua den Rollerik nabarmendu zuen horrekin egiten dena paradigmatikoa dela, iraunkorra ez den arrantzaren adibide egokiena delako: «Neurririk gabeko arrantza egin da urte luzez eta horren ondorio nagusia `stock'aren kolapsoa izango da, hau da, espeziea ez denean gai ugalketaren bidez jatorrizko kopurura iristeko».

Bertan berri ematen den egoeraz jabetu ondoren, Gutierrezek «ezinbestekotzat« jo zuen hiritar ororena den «informazio eskubidea» praktikan jartzea. «Aktiboki galde ezazu supermerkatu nahiz jatetxeetan: `nondik dator atun hau?', `nola arrantzatu dute?'», bere aburuz horrelako ekintza txikiekin jendearen jarreretan eragiteaz gain, «geure diruaz ados ez gauden ekintzetan laguntzea ekiditea lortuko dugulako».

Zentzu berean, eta amaitzeko, erakunde gobernu eta politikariei egoera hobetzearen alde jarrera har dezatela eskatzea ere garrantzitsua dela ondorioztatu zuen.

120 KILO

2003. urtean Japonian saldutako atungorrien %75ek 120 kiloko pisua zuten. Bost urte geroago, 120 kilo baino gutxiagokoak ziren horien %75. Arrainak pisu hori izatea ezinbestekoa da, soilik hortik aurrera baita espeziea ugaltzeko gai.

FACEBOOK

Atungorriaren aldeko kanpainari atxikitzeko, eta filma ikusteko «unmundosinpeces» orrialdea zabalik dago facebooken. Lagundu nahi duenak berriz, «mundosinpeces.marvivablog.com/blog»etik egin dezake dagoeneko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo