GARA > Idatzia > Ekonomia

Petrolioaren prezioa uztail erdialdetik izan duen mailarik txikienean dago

JBC Energy aholkularitza etxearen arabera, munduko ekonomiaren egoerari buruzko kezkak eta berriro atzeraldian sartzeko beldurrak petrolio gordinaren prezioaren beherakada eragin dute. Bereziki, AEBen eta Txinaren inguruko datuek eragin dute salneurriak merkatzea.

p025_f01.jpg

GARA |

Munduko energia eskaerak indartzeko beharko duen erritmoaren gainean, kezka giroa nagusitu dela eta, uztailaren erdialdetik izan duen mailarik txikienera murriztu da aste honetan petrolioaren prezioa. Eta Energiaren Ikerketa Globalerako Zentroak (CGES siglak, ingelesez) pasa den astelehenean jakinarazi zuenez, 80 herrialde sakonetik aztertu ostean, eskuratu dituen datuen arabera, munduko petrolio gordinaren eskaera Nazioarteko Energia Agentziak (NEA) aurreikusi duena baino askoz txikiagoa izango da.

NEAren arabera, petrolio gordinaren eskaera, iazko datuekin alderatuta, eguneko 1,8 milioi upeletan handituko da 2010. urtean. CGESren kalkuluen arabera, berriz, 1,4 milioitik beherakoa izango da igoera: «Zifra errealistagoa da, batez ere petrolio gordinaren bi kontsumitzaile nagusien (AEBak eta Txina) hazkunde ekonomikoaren moteltzea ikusita».

Izan ere, munduko bi potentzia horien ekonomiek urteko bigarren seihilekorako izango zuten bilakaeraren gaineko iragarpenak okertu izanaren ondorioa da, hainbat adituren ustez, petrolioaren prezioak azken asteotan izan duen beherakada.

Aste hasieran igoera xumea izan zuen petrolioaren prezioak, nazioarteko burtsa nagusiak bezala, Europako ekonomiaren berri positiboen optimismoaz kutsatuta. Baita AEBetako industria jarduera uztailean handitu zelako ere. Berehala hartu zuen, ordea, beheranzko bidea; besteak beste, AEBetako Energia Sailak petrolio gordinaren inbentarioak 800.000 upeletan gutxitu zirela adierazi ostean. Era berean, biltegiratutako petrolio eta eratorritako produktuen erreserbak nabarmen hazi ziren, 5,87 milioi upel gehiago.

«Espero genuen petrolio gordinaren prezioaren beherakada gertatuko zela, merkatuaren nahiz eskaeraren eta eskaintzaren arteko harremanaren egoeragatik», adierazi zuen JBC Energy aholkularitza etxeak. «Baina munduko ekonomiaren egoeraren gaineko kezkak eta berriro atzeraldian sartzeko beldurrak presioa handitu dute», gaineratu zuen.

Kezka horiek indartu egin ziren, gainera, AEBetan langabezia prestazioaren eskaerak ezustean ugaritu ostean. Aste honetan milioi erdi pertsona gehiagok eskatu baitute prestazioa, 2009ko azarotik izan den mailarik handienera iritsiz. Era berean, «urre beltzaren» balio-galeran eragin duen beste faktore bat izan da beste behin ere, dolarra euroaren eta beste dibisa batzuen aldean indartzea, ondorioz, AEBetako monetarekin kotizatzen duten lehengaien erosketak moteltzen baitira.

ATZERALDIA

Munduko ekonomia berriro atzeraldian sartzeko beldurra nagusitu da energiaren merkatuan. AEBetan langabezia prestazioen eskaera aste honetan ezustean handitu ostean, areagotu egin dira kezkak..

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo