Gari Mujika Periodista
Theresa hotela
Igandean, politikagintzari astinaldi berri bat eman dion ETAren agiriaz beste, orain 50 urte AEBetan pentsaezina zirudien arren, balore politiko handiko gertaera baten urteurrena ere izan zen.
Urtebete besterik ez zen igaro Kuban iraultza sozialista garaile atera zenetik, eta, lehendabizikoz, kubatarren proiektu politikoaren etsai nagusiaren erraietara joana zen bidaian Fidel Castro. New Yorkera, hain zuzen. NBEko batzar nagusian hitza hartzekoa zen Castro, baina Kubako ordezkariei ateak itxi zizkieten bertako hotel guztiek. Baina, hor azaldu zitzaien, eskuak zabalik, Pantera Beltzen bitartez «iraultza beltza» abiarazi zuen Malcolm X. Harlem auzoko Theresa hotelean jaso zituzten kubatarrak, eta, gau eta egun, milaka izan ziren eraikinaren aurrean zaindari, babesle eta borrokalari internazionalista gisa bildutako amerikarrak.
Euskal herritarrak ere ibiliak gara munduan barna gure askapen prozesu politikoari sostengua emateko prest zeuden Theresa hotelen bila. Eta, orain, pausoz pauso, Theresa hotela eraikitzen. Eta horrek bai, urduritasuna baino gehiago izua ere eragiten die politikari eta agintari askori. Demokraziari beldur izate horrek, aurrera egiteko inolako borondate politikorik ez dutela erakusten du argiki, Euskal Herriaren etsaien tankeran.
Akaso, denboraren poderioz, etsai izatetik aurkari politiko izatera irits daitezke, baina gaur-gaurkoz herri honen etsai diren bi estatuek eta euren kudeatzaileek argi erakusten dute Euskal Herrian demokrazia ezartzeko duten borondatea: bederatzi militante politiko gupidarik gabe torturatzea, esaterako. Urduritasuna eta kontraesanak ezarri nahian dabiltza, baina abertzaleek irekitako ekimen politikoa ez da borondate kontua, konbikzio sendoen ondorioa baizik, eta hor dago benetako indarra.
Theresa hotela eraikitze bidean garen honetan, Euskal Herriak aukera politiko berri hau izateko bidea argitzen aritu direnak gogora ekartzea ezinbestekoa delakoan nago, kitatuko ez den zorra izango baitu beti herri honek horiekin guztiekin. Ez soilik Espainia edota Frantziako ziega ilunetan gatibu politiko gisa dituzten gizon-emakume horiekin, deportatuekin edota iheslariekin, baizik eta hamarkada luze hauetan herri honen alde bizia eman duten ehunka euskal herritarrekin. Datorren astelehena, hilak 27, eskerrak emateko eguna izango da.