Ez diote torturari uko egin nahi
Ukaezina da Euskal Herrian bide politiko eta demokratikoa aldarrikatzen duen prozesu askatzailea abian dagoela. Izan ere, inork gutxik ukatzen du dagoeneko ezker abertzaleak zabaldutako aukera bidea egiten hasia dela. Atzeraezina dela esan du ezker abertzaleak, eta horrela izatea nahi dute euskal herritar gehienek. Ez denek, ordea; are gutxiago Estatuko botereek. Horiek, hain zuzen, agertoki demokratikoaren norabidean emandako urrats bakoitza errepresioarekin erantzun dute. Lehenik eta behin debekuekin, ostean adierazpen askatasuna bera trenkatuz eta oraindik orain euskal independentista ezagunak atxilotuz. Ez dira horretan gelditu, ordea, eta mezu argia bidali nahi izan dute: atxilotuak inkomunikatu egin dituzte. Torturaren ateak ireki dituzte, alegia. Hala, azken atxilotuek Auzitegi Nazional espainoleko epaile Grande-Marlaskaren aurrean deklaratu ondoren egindako kontaketa lazgarriek torturaren kate sendoaren berri eman digute berriro ere.
Tortura eragoztea oso erraza da, behin eta berriz adierazi diote bidea Gobernu espainolari; adierazitako bideak, gainera, nabarmen utziko lituzke balizko salaketa faltsuak ere. Aldiz, Gobernu espainolak nahiago du inpunitatea bermatzen jarraitzea, tortura herri honek nahi duen agertoki demokratikoaren kontrako tresna gisa erabiltzea. «Demokratek» «biolentoen» kontra erabiltzen duten tresna. Barregarria bezain ikaragarria.