ZINEMALDIA
«Zinema, zentsura eta demokrazia kontua baino, emozio kontua da»
Daoud Aoulad-Syad zuzendari marokoarrak «En attendant Pasolini» filma grabatzen ari zeneko pasarte bat eraman du pantaila handira «A Jamaâ» lanean. Marokoko herri txiki batean, mezkita bat sortu zuten bizilagun baten lurretan zinemako dekorazio elementu gisa erabiltzeko. Bertakoek, aldiz, benetako tenplu bezala erabiliko dute. Azkenean, jabeak bere lurrak berreskuratzea eskatuko du, eta horrek erlijioak Marokoko gizartean duen indarra azaleratuko du.
Ariane KAMIO | DONOSTIA
Aoulad-Syad zuzendariaren aurreko filma filmatzeko («En attendant Pasolini»), herritarrek alokairuan utzitako lursailetan eraiki zituzten dekoratuak. Filmean agertzen den Moha izeneko bizilagunaren lursailean mezkita bat sortu zuten. Filmaketa lanak amaitu eta grabaketa taldeak tokitik alde egitean, bizilagunek dekoratu guztiak bota zituzten; denak, mezkita izan ezik. Hala, mezkita herritarren otoitzetarako gune bilakatu zen. Mohari buruhauste izugarriak sortu zizkion horrek, lursail horretan lekak landatzen baitzituen bere familia aurrera ateratzeko. Azkenean, «Jainkoaren etxea» eraisteko eskatu zuen Mohak; erabaki horrek, noski, erlijioak Marokon duen pisua azaleratu zuen.
«`Pasolini' filma grabatzen ari nintzenean ez nuen pentsatu ere egiten zuzenduko nuen hurrengo lana honako hau izango zenik. Izugarria izan zen filmaren istorioa begien aurretik pasatzen ikustea», aitortu zuen atzo Aoulad-Syadek. Film bat grabatzen dutenean, herriko bizilagunei baimena eskatu beharra izaten dutela nabarmendu zuen, nahiz eta herrialdeko agintarien onespena izan. «Aurreko filma egitera nindoala, bertakoek filmatzen hasteko baimena eman zidaten, baina beraiek herritik alde egingo zutela ohartaraziz». Orduan sortu zitzaion Aoulad-Syadi «Al Jamaâ» filmaren proiektua, Sekzio Ofizialeko lehian parte hartzen ari dena. Eta aurrera egitea erabaki zuen; soilik protagonista (Moha) da aktore profesionala, antzerkigintzan aritutakoa, baina zineman inoiz ausartu gabea. Gainontzeko pertsonaia guztiak herriko bizilagunak dira.
Zuzendariak, gidoia idazterakoan, «traba ugari» izan zituela onartu zuen. Izan ere, Mohak mezkita eraisteko borroka abiatuko du eta aktore lanetan aritu diren herrikideek ez zuten erlijioaren kontrako adierazpenik egin nahi. Zuzendariak baina «sinestunek eta sinestun ez direnek ikus dezaketen lana» osatu duela nabarmendu zuen.
«Zineman debekatutako gai ugari daude; sexua, erlijioa eta politika, batez ere. Zuhurtziaz jokatu behar dugu gai horietaz hitz egiterakoan. Garrantzitsuena, kontakizunari ematen zaion ikuspuntua da», esan zuen.
Nolanahi ere, Marokon zentsurarik ez dagoela azpimarratu zuen «Le cheval de vent» (2001) eta «Entre amigos y vecinos» (2003) filmen zuzendariak. «Nire filma nahiko kontserbadorea da, baina badira irudi lazgarriagoak agertzen dituzten lanak ere; `Casanegra', esaterako». «Zentsuraren garaia gaindituta» dago bere hitzetan; «aspaldidanik ez da halakorik izan Marokon eta zinemagile zein idazleek libreki sortzen ditugu gure lanak».
AEBetako zein Europako film asko egin dira azken urteetan Marokoko lurretan, baina horiek nazioarteko herrialde batzuen sorkuntzetatik «oso urrun» daude. «Zinema, zentsura eta demokrazia kontua baino gehiago, emozio kontua da», amaitu zuen.