GARA > Idatzia > Mundua

Txina eta Japoniaren arteko krisi diplomatikoa, gero eta okerrago

Irailaren 7an Japoniak Txinak ere bere subiranotasunekotzat jotako uharte batzuetan itsasontzi txinatar bat atzeman zuenetik aurrenekoz, Tokioren aurkako «neurri gogorrak» hartzeko mehatxua egin du Beijingeko Gobernuak. Erantzun gisa, lasaitasunerako deia egin du Tokiok.

GARA |

Txinaren eta Japoniaren arteko krisi diplomatikoa larriagotu egin da azken egunotan. Japoniako agintariek atzemandako arrainontzi txinatarreko kapitainaren atxiloaldia luzatu eta gero, «neurri gogorrak» hartzeko mehatxua egin du Beijingeko Gobernuak. Tokiok, aldiz, txinatarren adierazpenak deitoratu ditu.

«Japoniak setati jokatzen badu, akatsak etengabe errepikatuz, Txinak neurri gogorrak hartuko ditu eta Japoniak ondorioak jasan beharko ditu», esan zuen igandean Ma Zhaoxu Txinako Kanpo Arazoetako Ministerioko bozeramaileak, AFPk jaso duenez.

Bi astetan zehar izandako protesta ia etengabeen ondoren, Beijingeko Gobernuak neurri gogorrak hartzeko mehatxua egin du lehen aldiz, Asiako bi erraldoien arteko krisi diplomatikoa larriagotuz. Igande gauean, gainera, Japoniarekin dituen maila altuko kontaktuen etena iragarri zuen Txinak.

Lasaitasunerako deia

Tokioko Gobernuak, bere aldetik, kontaktuen hausturaren berri emanez inolako adierazpen ofizialik jaso ez duela dio. Hala ere, Txinaren jarrera salatu du, eta, horrez gain, lasaitasunerako deia ere egin du dagoeneko pil-pilean dagoen tentsioak gora egin ez dezan.

«Txinari lasaitasunez eta zuhurtziaz jokatzeko deia egiten diogu gertaera bakan batek ez ditzan gure arteko harremanak kaltetu», azaldu zuen Noriyuki Shikatak, Naoto Kan lehen ministroaren bozeramaileak.

Irailaren 7an Japoniak arrainontzi txinatar bat atzeman zuen Txinak, Taiwanek eta Japoniak berak beren subiranotasunekotzat jotako uharte batzuetako uretan. Gertakariak haserrea eragin du Txinan, baita Beijing eta Tokioren artean azken urteotan izandako krisi diplomatiko larriena ere. Tentsio goraldi bat egon dela begi bistakoa izan arren, adituen arabera egoera kontrolpean dagoela diote oraindik ere alde guztiek.

atxilotuen egoera

Krisiaren sorburuan Japoniak arrainontzi txinatar bateko tripulazioa atxilotu izana dago. Kapitaina salbu gainontzeko arrantzale guztiak aske daude jada. Kapitainari 10 egunez luzatu zioten atxiloaldia igandean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo