Kirol martxa batek Jose Luis Elkororen askatasuna exijituko du larunbatean
GARA
Bergaran amaituko den kirol martxa batek korrika, itsasontzian, igerian, bizikletan, piraguan zein traineruan eramango du Jose Luis Elkororen askatasuna aldarrikatzen duen testigua: elefante txiki bat. Martxa, larunbatean, 09.00etan, abiatuko da Hondarribitik eta Martutene, Hernani, Zarautz, Lekeitio, Elgeta edota Antzuola bezalako herriak zeharkatuko ditu.
«Mugituko da», Bergaran urte luzez alkate izandako Jose Luis Elkororen askatasuna lortzeko sortu den mugimendu herrikoia, izan da kirol martxa antolatu duena.
Bergarako Udalean 1979. urtetik izan diren alderdi guztietako zinegotziak -PPkoak izan ezik- zein frankismoaren ondoren izandako alkate guztien ordezkariak hasiera-hasieratik egin dute bat Elkororen askatasuna exijitzeko ekimen bateratuak bultzatzeko. Behin plataforma sortuta, askotariko atxikimenduak jaso ditu, hala nola, Musika Eskolarena, Bergaran UNEDek duen egoitzarena, herriko elkarte gastronomikoena edota kirolariena.