GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Ainhoa Larrabe EHBEko kidea

Hezkuntza euskaldun eta herritarra eraiki

Izugarria da azkenaldian hezkuntzari ematen dioten erabilera. Izan ere, lege eta inposaketa hauek guztiak estatu- politikaren logikaren barnean kokatu behar ditugu

Udako oporretako haize freskoak alde batera utzita, ikasturte berria martxan da dagoeneko. Eta ikasturte berri honi adjektibo bat jarri behar bagenio, «korapilatsua» jarriko genioke. Izan ere, hezkuntzan, erronka ugari ditugu aurtengoan aurrez aurre.

Uda honetan hezkuntza arloko agintarientzat ez da oporrik izan. Jendarte baten eraikuntzan hezkuntzak duen garrantzia guztiz barneratuta dute, eta etxeko lanak batzuk ongi beteta bueltatu zaizkigu ikasturte berri honetara.

EAEko ikastetxeetan urritik aurrera, 13 eta 16 urte inguruko 18.000 euskal ikaslek baino gehiagok Celaak diseinaturiko Bizikidetza eta Biolentziaren Deslegitimatze planaren irakasgaiaren aplikazioa pairatuko dute. Ikastetxe, irakasle, hezkuntza komunitate eta oro har jendartearen oniritzirik gabe, plan «pedagogiko» hori bururaino eramateko urratsak ematen ari dira. Herri honetan bizi dugun gatazkaren existentzia aintzat hartu gabe, onaren eta txarraren irakaspena eman nahi digute. Bizikidetzaren inguruko irakaspena ematea helburua bada, pedagogikoa al da ikuspuntu zehatz batetik abiatutako heziketa? Herri honetan nor den biktima eta nor ez den horren modu partzialean zehazten duen proiektua onargarria al da?

Nafarroako Gobernua ere ez da atzean geratu. Alde batetik, Euskal Herriaren existentzia ezabatze bidean ezarritako testuliburuen sorgin-ehiza, Euskal Herria terminoa duten testuliburuak zerrenda beltzean jarri eta horien erabilera mugatzeko diru-laguntzak kentzera bideratua dagoena. Eta bestetik, abuztuan, ikasleak oporretan daudela aprobetxatuz, onartutako Ikasleen Eskubide eta Betebeharren dekretua, ikasleen eskubideak murrizten dituen zerrenda bat.

Zuberoan, Baxe Nafarroan eta Lapurdin ere, Euskal Hezkuntzak ez du bere garairik onena bizi, euskara Estatu frantsesaren inolako onarpen ofizialik gabe, ikastolen egoera zailtzen ari da. Gainera, EAEko Gobernuaren diru-laguntzak korapilatzen ari dira eta zoritxarrez iraungitze data dute: 2010 urtea. Hori gutxi balitz bezala, landa eskola eta eskola txiki ugari bere ateak itxi beharrean aurkitu dira, eskola mapa berriak txikiak baztertzen dituelako; hala, landa eremuen desertifikazioak aurrera darrai.

Unibertsitatean, Bolonia Prozesuan zeharo murgilduta hasi dute ikasturtea. Herrien beharren araberako ikasketak eta ikerketak burutzera baino, multinazional eta enpresa pribatuen zerbitzura makurtzen dira unibertsitateak, ikasleak lan makina izatera bideratuz eta irakasleen lan baldintzen prekarizazioan sakonduz.

Izugarria da azkenaldian hezkuntzari ematen dioten erabilera. Izan ere, lege eta inposaketa hauek guztiak estatu-politikaren logikaren barnean kokatu behar ditugu. Doktrinamendu espainiarra zein frantsesa besterik ez dute helburu. Herri honen nortasuna, kultura, historia, hizkuntza... ezabatu eta beraien araberako etorkizuneko jendarte sumiso eta akritikoa sortzea da horren guztiaren xedea.

Legeak lege, ezarri nahi diguten tunel ilun honetan bada argi izpi bat. Azken urteotan, hezkuntza sistema nazional baten aldeko mugimendua gorpuzten hasia da. Horren isla dugu iazko ikasturteko martxoaren 13an Euskal Herriak behar duen hezkuntzaren alde eta inposaketen aurka egindako manifestaldi nazionalak izan zuen arrakasta.

Ez hori bakarrik. Egunotan Kilometroak ospatu da Pasaia-Lezon eta Nafarroa Oinez Atarrabian ospatuko, hezkuntza euskaldun eta herritarrarekiko konpromisoa duten milaka herritar bilduz. Zenbait aste barru Ikasle Eguna eta manifestaldi nazionala egingo da Amurrion. Nafarroako ikasleek mobilizazio dinamika handia piztu dute eskubideak ezabatzen dituen dekretuaren aurka. Matrikulazio garaian, eskaintzen den lekuetan, D eredua da hautatuena, Celaa edo Catalanen kalterako. Horrek guztiak argi uzten du hezkuntzarekiko kezka egon badagoela.

Inoiz baino beharrezkoagoa da hezkuntza mugimendu hori artikulatzea. Ahalik eta sendoen. Inposaketen aurrean harresi bat eraikitzeaz gain, hezkuntza sistema nazionala aldarrikatuko duena. Euskalduna eta herritarra izango den hezkuntza sistema. Euskalduna hizkuntzaz (euskarazkoa eta euskaldunduko duena) eta edukiz (euskal nortasuna, ezagutza eta jakintzak oinarri izango dituena). Eta Herritarra, hezkuntza eskubideak bermatzen dituen hezkuntza zerbitzu publikoa: hezkidetzailea, kritikoa, pedagogikoa.

Irakasle, guraso, ikasle edo hezkuntza egoerarekin kezkatutako edozein herritarrek egoera honi buelta emateko gaitasuna du. Euskal Herriak Bere Eskolan leku bat dute lan hori egin nahi duten guztiek. Horiei guztiei deia egin nahi diegu herriz herri eta ikastetxez ikastetxe, batzen gaituena oinarri, eraso hauei ezezko sendo bat ematera! Argi utzi dezagun guk hezkuntza sistema euskaldun eta herritarra nahi dugula eta hori berori eraikitzeko eskubidea badugula! Egitera goazela!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo