Uberka Bravo atxilotu dute Hendaian, Askapenaren aurkako auziarekin lotuta
Duela bi aste Askapenaren aurka izandako sarekadarekin lotuta, Uberka Bravo Irungo gaztea atxilotu zuten atzo, Hendaian. Barne Ministerio espainolaren orrian «ustezko ETAkidetzat» jotzen zuten.GARA | DONOSTIA
Zortzigarren atxiloketa bat egin du Poliziak, Askapenaren aurka irekitako sarekadaren barruan. Duela bi aste zazpi lagun eraman zituen Polizia espainolak eta horietariko bost kartzelatu zituen Auzitegi Nazionalak. Atzo, bilatze eta atxilotze agindua zuen Uberka Bravo Corral gazte irundarra harrapatu zuen Polizia frantsesak, antza indar polizial espainolen laguntzaz, Hendaian. Honen berri eman zuten albiste agentziek arratsaldeko azken orduan, atxiloketaren inguruko zehaztapen gehiagorik eman gabe.
Barne Ministerioaren ustez, Uberka Bravo Askapeneko eta Segiko kidea da. Kamaradek ekimenarekin lotzen dute. Eta guztia ETAren esanetara dagoela argudiatu du Poliziak.
Uberka Bravoren bila ibili zen Polizia duela bi aste egindako sarekadan, irailaren 27an hain zuzen ere, baina ez zuten aurkitu. Geroztik Hendaian gordeta egon dela adierazi zuten atzo.
Gipuzkoar gazteak 27 urte ditu, beti ere Poliziaren informazioen arabera, eta bere izena -sarekadan atxilotu zituzten gainerako pertsonena bezalaxe- ETAri 2008. urtean atzemandako paperetan agertzen zela zabaldu dute.
Askapenaren aurkako erasoak bost lagun eraman ditu kartzelara: David Soto, Aritz Ganboa, Walter Wendelin, Gabi Basañez eta Unai Vazquez. Itsaso Lekuona hondarribiarra eta Ruben Sanchez gasteiztarra ere atxilotu zituzten, baina epailearen aurretik igaro ondoren aske utzi zituzten.