GARA > Idatzia > Iritzia> Gutunak

Xanti Begiristain Madotz | Iruñea

Txus Perez Elkano, beti gure bihotzetan

Kaixo, Txus: hain bat-batean joan zara, non ez baitugu aukerarik izan agur triste bakar bat ere esateko; zure azken agur-ekitaldira ere ezinen naiz joan, ongi dakizun bezala, orain dela gutxi istripu txiki bat izan nuelako. Hala eta guztiz ere, badakit zure lagun on eta fidelek egin behar dizutela omenaldi txiki eta txukun bat, guztiz ongi merezia. Nik hemendik bukaerarik gabeko musu gozo bat bidaltzen dizut, gusturago izan zaitezen hegan zure liburu, disko, koadro, sanferminetako irudi eta abarrekin.

Txantreako txistulariekin ezagutu zintudan gaztetan. Geroago, bat-batean, eritasun maltzur batek kondenatu eta behartu zintuen eskumakila batekin ibiltzera beti, baina, hala eta guztiz ere, gaixotasun zital horrek behin ere ez zuen lortu zure ezpainetatik irribarrea desagertzerik, ezta gizartea hobetzeko lan egiteko gogoa joaterik ere.

Plazera izan da zurekin lan egitea Iruñea ontzeko, azken uztailaren 6an zure ondoan bazkaltzea Arrotxapean, zure etxe, pertsona eta gauza kutunak ezagutzea, eta bizitzaren zati handi bat zurekin partekatu izana.

Orain dela astebete eskas deitu zenidan telefonoz, galdetzeko ea zer moduz ari zen osatzen nire femurra, eta elkarrizketa haren bukaeran esan genuen bezalaxe: «Sarri elkartuko gara. Laster arte!».

Bitartean, hartu nire amaierarik gabeko musu eta besarkada beroak, entretenituago egoteko. Beti arte, Txus!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo