GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

EAJ-PSOE itunaren beste ondorioak

Ipar Euskal Herrian eta oro har Estatu frantsesean pentsioen erreformaren kontrako mobilizazioei eutsi zieten atzo. Nicolas Sarkozyk erretreta atzeratzeko erreformak aurrera egingo duela berretsi zuen, baina ez dirudi herritarrek, langileek eta ikasleek bereziki, amore emateko asmoa dutenik. Hego Euskal Herrian egoera ez da hobea; aitzitik, egoera kaskarrago batetik abiatuta, murrizketak handiagoak baitira. Atzo Madrilgo Kongresuan Rodriguez Zapateroren Gobernuaren aurrekontu proiektuaren kontrako osoko zuzenketa guztiak atzera bota zituzten, EAJk proiektu horri emandako sostenguari esker. Jeltzaleen jarrera ez zen ezustekoa izan, sostengu hori PSOEren Gobernuarekin egindako itunaren parte baita. Hala ere, atzo itunaren ondorioen beste ikuspegi bat nabarmendu zen, orain artean EAJk eta Madrilgo Gobernuak hainbat eskuduntzaren transferentzia hitzartu izanaren garrantzi politikoa baino ez baita nabarmendu. Baina aurrekontu horiek eragingo dituzten murrizketak ere badira itun horren ondorio, eta jasango dituztenentzat ez dira garrantzi gutxikoak. EAJk, horren jakitun, pentsiodunei eskatu zien murrizketei emandako sostengua «uler dezatela». Eta haur hezkuntza arloko gastuaren murrizketa handiaren eragina jasaten dutenek ere ulertu beharko dute, hala nola langabeek, menpekotasun egoeran daudenek eta beste askok.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo