GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Sonia Gonzalez sagarroiak@gmail.com

Non dago boterea?

Hegoafrikako ANCk erreskate, erreforma eta demokrazia kapitalistaren askatasunean jausi ondoren, pasabideetan zera galdetzen zuen: «Badaukagu Estatua, baina non dago boterea?»

Askotan entzuten da krisialdiek abagune berriei ateak zabaltzen dizkietela. Urteetan teoria gehien formulatu duena ezkerra izan bada, abaguneez benetan baliatzea zer den ikusteko neoliberalismo basatiari itxaron behar izan genion.

70eko hamarkadatik aurrera errepikatu dira krisialdietatik irteteko «ekonomian adituek» ezarritako terapiak, Txilen, Argentinan, Hegoafrikan, Asian... suertatu diren krisi ekonomiko edota politikoetan -diktadurak tarteko-. Salbatzaileak: banku zentralak eta Nazioarteko Diru Funtsa, beti erreskaterako prest; konponbidea: «egiturazko erreformak» erreskatearen ordainetan; irabazlea: kapitala, nazionala zein transnazionala.

Eskema honetan indar politikoen papera bigarren aktorearena da, guztiz beharrezkoa, jakina, jendea engainatzeko, kontrolatzeko eta legeak ezartzeko. Zer esanik ez, diktadurak baino askoz erabilgarriago suertatu direla denboraz Mendebaldeko «demokraziak». Hainbestetan goraipatzen diren erregimen demokratikoak hain daude benetako boterez hustuta, merkatuek hain mehatxatuak, ilunpetan beste estamentu batzuek hartzen dituzten erabakien eta zigorren hain menpe, ezen egingo dituzten pauso guztiak aldez aurretik denok baitakizkigu.

Adibidez, egungo krisialdia lehenengo eta behin bankuen sektorean hasi omen zen, kapital finantzarioaren dardaraz; diru publikoa eman zitzaien bankuei «desastrerik» ez sortzeko; kapital produktiboan igarri ziren ondorioak; eta orain, hainbeste gastatu ostean, badirudi defizitaren eta zorraren aferari heldu zaiola txanda.

Kalifikazio-enpresek -bankaren mugimenduak kalifikatu ez zituztenak- estatuei zor mailagatik kalifikazioa jaitsiko dietela mehatxu egiten dute. Hori gertatuz gero, agur inbertsoreen diruari, merkatu askearen araurik ezak hori errazten baitie. Beldurra hedatzen hasia da.

Estatuek larregi gastatu eta gastatzen dutela esaten du Nazioarteko Diru Funtsak, eta konponbidea eman ere bai: gastu publiko eta soziala murriztea eta zergak igotzea.

Europar Batasunak, agindua beteta, estatuak behartzen ditu defizita eta zorra kontrolatzera, eta isunak ipintzeaz arduratzen da, bete ezean. Europako Banku Zentrala, «demokraziaren» izenean, ez dago ezelako kontrol politikoren menpe, baina banka pribatutik datozen eta protekzionismoa arbuiatzen duten kideen menpe dagoenez, zor publikorik finantzatzea galarazten du eta banku pribatuetara bideratzen ditu estatuak. Aukera egongo litzateke estatuei %0 interesetan emateko, baina nahiago dute diru hori banku pribatuei %1ean utzi, banku pribatu hauek estatuei %4 edo %7ko interesetan uzteko, honela zor publikoa handituz. Negozio ezin biribilagoa.

Indar politikoak ez daude eskuak lotuta, baina aukera bi baino ez daukate: herriaren indarra biltzea herriaren mesedetan jokatuz, botere ekonomiko oro galduz; edo botere ekonomikoarekin bat egin, botere politiko osoa oparituz. Argi dago zein den aspalditik aukeratutakoa.

Hegoafrikako ANCk erreskate, erreforma eta demokrazia kapitalistaren askatasunean jausi ondoren, pasabideetan zera galdetzen omen zuen: «Badaukagu Estatua, baina non dago boterea?».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo