Laura MINTEGI Idazlea
Bakardade lagundua
The Social network» iruzkindu duten kritikariek diote pelikula hau Facebook-en sorreraren isla fidela dela eta Jesse Eisenberg aktorea ondo-ondo sartzen dela sortzailearen larruan. Joan den astean, ordea, Mark Zuckerberg-ek esan du, hainbat gauza egiazkoak badira ere, bere bizitza ez dela pelikulak azaltzen duen bezain dramatikoa. Esan du bere helburu nagusia ez zela neskak ezagutzea, baizik eta gauza berri bat sortzea, eta sortzearen plazerrak berak bultzatu zuela. Eta sinistu egiten diot. Sinisten dut haren pasio nagusia ez zela nesken ezezkoak konpentsatzea, eta sinisten diot bere bizitza ez dela pelikulan ematen duen bezain dramatikoa, hain zuzen ere barrutik ikusita bakardade hori ez zaiolako iruditzen drama denik.
Mark Zuckerberg, egun 26 urte dituena, 19 urteko ikaslea zen Facebook sortzen hasi zenean. Forbesek kalkulatu du 4.000 milioi dolar dituela eta Facebooken merkatu-balioa 25.000 milioi dolarrekoa da. Baina Zuckerbergek ez zuen dirua bilatzen, ezta lagunak izatea ere. Lagunak hurbilegi daude, norberaren afektibitatean eragiten dute, batzuetan besarkatzen zaituzte (Mark-ek gorrotatzen ditu besarkadak) eta nahi dutenean joan daitezke, zeu berriz bakarrik utzita.
Facebooken, ordea, lagunak eta «ezagunak» beti daude hor. Nahi duzunean haiengana jotzen duzu, edo begiratzen diezu isilean. Zeure bakardadea laguntzen dute eta ezer gutxi eskatzen dute trukean: informazioa ematen dizute, euren argazkiak eta pentsamenduak konpartitzen dituzte eskatu gabe, eta ez zaituzte behartzen zureak plazara ditzazun. Gaur egungo garaietako paradigma da Facebook: harreman sozialak izan baina kontaktu zuzenaz «zikindu» gabe.