GARA > Idatzia > Ekonomia

Hazparneko behargin bat hil da Saran garabia itzuli eta bertatik jausi ostean

p023_f02_113x100.jpg

GARA

Saran lanean ari zen behargin bat hil zen joan den astelehenean Baionako ospitalean. Lan-istripua goizean gertatu zen, 10.30k aldera, Fernando Moreira Da Silva eraikin bateko teilatu mailan Itoiz enpresarako margoketa lanetan ari zela.

Ustez, garabiko ontzixka itzuli egin zen eta barnean zegoen langilea hamar metrotik amildu zen. Jausterakoan, gainera, une horretan bertatik igarotzen zen ibilgailu batek zapaldu egin zuen. Erorketaren ondorioz, zauri larriak izan zituen, batez ere, buruan.

Jendarmeriak helikopteroz Baionako erietxera eraman zuen berehala, baina 19.30 aldera, zendu egin zen 57 urteko behargina.

Istripua zehazki nola jazo zen jakiteko ikerketaren emaitzak izan arte itxaron beharko bada ere, badirudi arazo tekniko baten ondorioz gertatu zela ezbeharra.

Izan ere, Hazparnen bizi zen margolaria eskarmentu handiko profesionala zen, eta beti zuhurtasunez egiten omen zuen lan.

Hazparneko beharginaren heriotzarekin, orotara, 2010ean gutxienez 64 euskal herritar hil dira lan-istripuen ondorioz, horietatik lau Ipar Euskal Herrian.

Protesta, Mendigorrian

LAB sindikatuak elkarretaratzea egin zuen atzo Mendigorriako Foruen Plazan pasa den astelehenean herri honetan gertatu zen lan istripua salatzeko. Istripuaren ondorioz, Zaragozako 43 urteko F. J. L. igeltseroak bizia galdu zuen hiru metroko altueratik erori ondoren.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo