Haur minbizidunei laguntzeko, gurpil gaineko jaia ospatuko dute Zarautzen
Aspanogi elkartearen helburua minbizia jasaten duten haurrei eta horien senideei laguntzea da. Elkartea ezagutarazteko, eta gaitz horrek haurrengan dituen ondorioez herritarrak sentsibilizatzeko, jaialdia antolatu dute, motorrik gabeko gurpildun ibilgailuak baliatuta.
Nagore BELASTEGI
Aspanogik, Gipuzkoako Haur Minbizidunen Guraso Elkarteak, Mobi-bike Eguna ospatuko du Zarautzen, hilaren 31n. Atzo egin zuten Mobi-bike jai solidario horren aurkezpena, eta kultura zein kirol arloko jende ugari izan zen bertan, minbizia duten haurrenganako elkartasuna erakutsiz.
Urriaren 31n Gipuzkoako kostaldeko herrian ospatuko den festak egun osoa iraungo du, 09.00etan hasi eta 20.00etara arte. Bertaratuek BTT trabesian parte hartzeko aukera izango dute, haur eta gazteek triatloia egingo dute, puntako musika taldeek emanaldiak eskainiko dituzte, hainbat pertsona ezagun jinkanan norgehiagoka ibiliko dira, eta txikienek Pirritx, Porrotx eta Marimototsekin primeran pasatu ahal izango dute.
Jai eremua Zarautzeko Azken-portu, Zelai-ondo eta Itsasmendi kaleetan kokatuta, txirrindulari profesionalak arduratuko dira jaiari hasiera emateaz, bizikleta gainean ibilbidea osatuz. Egun osoan haurrentzako parkea ere izango da, eta hala gurasoek lasaitasunez parte hartu ahal izango dute ibilbidean zehar banatutako ekintzetan.
Mobi-bike Egunean motorrik gabeko gurpildun ibilgailuak ikusi eta erabiltzeko aukera izango da. Esaterako, bizikleta eta triziklo klasikoak izango dira ikusgai, baina ibilgailu berriak ere izango dira, esaterako segway delakoak. Bestalde, BMX (moto-kros) ibilbidea, Bike kart-etan ibiltzeko aukera, trialsin erakustaldiak, patinetan ibiltzeko bidea, taxi-bizikletak eta askoz gehiago izango dira aukeran. Bestalde, hilaren 30ean, 22.00etan Demode Quartet taldeak emanaldia eskainiko du.
Laguntza lortzeko bidea
Aspanogi elkarteak Mobi-bike Eguna antolatu duen bigarren urtea da. 2009ko abenduaren 20an egin zuten lehenbizikoz, elkartea ezagutzera emateko eta jendea sentsibilizatzeko tresna gisara. Jaian bildutako dirua elkarteak jasoko du, minbizidun haurrei eta horien senideei laguntzeko lanean jarraitzeko.
Mobi-bike jaialdira sartzeko bi euro ordaindu behar dira. Informazio gunean eskuratu ahal izango dira txartelak. Sarrera horrek ekintza eta erakustaldi gehienak ikusi edota horietan parte hartzeko balio du, baina pertsonaia ezagunen arteko jinkana, Pirritx, Porrotx eta Marimototsen emanaldia eta Demode Quartet taldearen emanal- dietarako, aldiz, sarrera bereziak erosi beharko dira.
Iazko jaiak sekulako arrakasta izan zuen. 36 enpresek hartu zuten parte, baita 184 pertsonaia publikok ere. Aurten, gainera, azoka bat antolatu dute, bizikleta eta irristailu marken laguntzarekin.