GARA > Idatzia > Mundua

Kolonbian desagerturiko 50.000 lagunak aurkitzeko bidean, aurrerapausorik ez

Kolonbian indarrean dagoen gatazka armatua dela-eta 50.000 lagun desagertuta daude. Herrialde osoan zehar barreiaturik dauden hobiak aurkitzeko eta gorpuak berreskuratzeko eta identifikatzeko oztopo ugari daude, Gobernuak bitarteko gutxi jartzen baititu.

GARA |

Kolonbian urteotan 50.000 lagun desagertu dira eta horiek aurkitzea lan zail eta nekeza bihurtu da. Hala, gatazka armatuak biktimak eragiten jarraitzen duen bitartean, aurkitzeko hobi ugari daude oraindik eta senitartekoek galdutakoak berreskuratzeko borrokari eusten diote.

Asteartean aurrerapauso bat eman zuen Kolonbiak, izan ere, NBEk 2006an adostutako Behartutako Desagerpenen Aurkako Nazioarteko Hitzarmenarekin bat egin zuen Kongresuak.

Esan bezala, ia 50.000 dira Kolonbian indarrez desagertutakoak; hala, Kolonbia horrelako kasu gehien dituen herrialdeetako bat da, onartu zion Eferi Herritarren Defentsa Bulegoko Bilaketarako Nazio Batzordeko koordinatzaile Andres Peñak.

«Eta egoera zailean gaude, desagertuen bila hasi diren herrialdeek gatazka amaitua dutelako, baina gurean bizirik dirau», gaineratu zuen.

Giza eskubideen arloko aditu eta abokatu honen esanetan, emaitzak lortu ahal izateko «trantsizio handiagoa, borondate politikoa eta eragileak egia esaten hastea beharrezkoa da».

Iragan ekainean, Bilaketarako Nazio Batzordeak 47.757 kasuren berri zuen; Fiskaltza Nagusiak, bilaketa, berreskuratze eta identifikatze lanen ardura duenak, aldiz, 27.000 kasu baino ez zituen onartzen.

Lan honi ekiteko arazo nagusien artean, horretan aritzen diren taldeak 18 baino ez direla. Herrialde osoan bederatzi auzitegi-mediku ari dira desagertuak bilatzeko lanean.

Hilketa egin duenaren aitorpenarekin hasten da prozesua. Gero, auzitegi-medikuek hobien bila jotzen dute oihanera, eta egun luzetan oinez ibili behar izaten dute. Azkenik, DNA teknikak erabiliz aurkituriko gorpuak identifikatzen dituzte.

3.200 berreskuratu

Orain arteko lanak 50.000 desagertuetatik kopuru txiki bat berreskuratzeko baino ez du balio izan. 3.200 gorpu berreskuratu dira eta horietatik soilik 1.200 identifikatu dituzte.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo