GARA > Idatzia > Iritzia> Gutunak

Patxi Rey Urmeneta Atxilotuetako baten anaia

Donibaneko lau lagunen epaiketaren aurrean

Joan den urriaren 28an bi urte bete ziren Donibaneko lau lagun atxilotu eta Madrileko bidean jarri zituztenetik. Sergio Boada, Araitz Amatria, Xabier Rey eta Aurken Sola, azken hamarkadetan hainbat eta hainbat euskal herritar bezala, bost egunez espainiar Poliziaren eskutan inkomunikatuta egon ziren. Bost egun luze, gogor eta basati. 120 orduko infernu hori pasata, lau auzokide hauetatik hiruk tortura latzak salatu zituzten epailearen aurrean eta, ohituta gauden bezala, salaketa horiek antzuak izan ziren. Gure auzokideen salaketa hauek ez dute aurrera jarraituko; aurrera jarraituko duen prozesu bakarra lau gazteak epaituko dituena izango da. Epaiketa azaroaren 18 eta 19an egingo da, tortura horiek onartzen eta ezkutatzen dituen espainiar Auzitegi Nazional berean. Hemendik (Donibaneko auzotik) indar, animo eta besarkadarik beroenak helarazi nahi dizkizuegu, lagunak!

Zoritxarrez, tortura edota tratu txarrak egunerokotasun bihurtu dira euskaldunontzat, eta hori horrela bada ere, Auzitegi Nazionala, agintari-politikari gehienak eta «hedabide» ia guztiak egunerokotasunetik aldentzen saiatu dira behin eta berriz. Ez da eroso sentiarazten dituen gai bat, baina benetan espainiar Estatuan ematen den errealitate bat bada. Donostiako manifestaldian ageriko gelditu den bezala, tortura existitu eta erabili egiten da komisaldegietako zulo beltz horietan eta euskal herritarrok gara tortura hori pairatzen dugunok. Aski da!

Zorionez, eta, egia esan, kostatzen da «zorion» hitza erabiltzea horrelako gaiez mintzatzen garenean, baina egun hauetan hiru euskal herritarren torturatzaileen kontrako epaiketak egiten ari dira, horien artean, horrenbeste oihartzun izan duen Igor Portu eta Mattin Sarasolaren inkomunikazio aldian gertatu zena «argituko» duena. Espero dezagun mota honetako prozesuen hasiera izatea eta, nola ez, indarkeria basati horren bukaeraren hasiera izatea. Bada garaia Estatuak erabili duen indarkeriari aurpegia jartzeko eta errudunak zigortzeko.

Inkomunikazioa tortura ahalbidetzeko tresnarik garrantzitsuena da, eta tortura polizia etxeetan autoinkulpazioak bilatzeko tresnarik erabiliena.

Inkomunikazioari ez! Torturarik ez!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo