GARA > Idatzia > Iritzia> Azken puntua

Lander GARRO Idazlea

Ez daudenak

 

Merezi du. Utz genezakeen bazterrean, ahaztuta. Geure estiloa da. Ez ditugu gure sortzaileak maite, ez dago aitzakiarik: ez ditugu behar. Baina oraindik gogoan dugu Mikel Laboa, eta, haren oroimenez, “Txinaurriak” izeneko diskoa plazaratuko dute Bidehuts diskoetxekoek. Ez dator berandu, badatorrenez. Irrika sentitzen dut diskoa entzuteko. Hainbat kanta paratu dituzte sarean, denak ere ederrak. Ez inor hankaz gora botatzeko modukoak, egia esatera, baina dotoreak. Bitxia iruditu zait diskoan parte hartu dutenen zerrenda. Nor dagoen, eta, batez ere, nor ez dagoen. Bidehuts diskoetxearen ingurumariko musikariak direla esan diezadakete, baina badira beste batzuk. Berri txarrak, Akauzazte, Borrokan eta beste hainbat. Horien artean, guztiz ezezaguna den baten bat ere, Dilistak izeneko taldea kasu. Ez daude, ordea, Xabi (Kerobia), Sorkun, Aiora Renteria (Zea mays) edota Miren (Napoka hiria), nire gusturako euskarazko ahotsik ederrenak. Halako disko bat sortzen denean, helburua omendutakoaren musika apur bat harantzago bultzatzea izan ohi da, beste sakontasun edo dimentsio bat ematea. Lehendik ere ezagutzen genuen hura (kasu honetan Laboaren kantak) errekonozitzeari utzi gabe, soinu berriekin liluratzea, edo liluraraztea. Bidehutsek egindako hautaketa ikusita, ordea, badirudi helburua ez dela zehazki hori izan, edo ez hori bakarrik. Lagunak pozik uztea ez dela asmoetatik aparte ibili, alegia. Beti da erraza kritika egitea, ez dut ukatuko. Baina, diskoa entzun gabe, ez daudenen hutsunea senti dezaket, ez minik gabe gainera. Ibil nadin erraturik!