GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Mikel Aramendi Kazetaria

Tinner familiaren ziaboga etengabea

Khani uranioa aberasteko osagaiak eskuratzen lagunduz, pakistandarrak sortu bide zuen «supermerkatu nuklearrean» saltzaile ere izan ziren. Hortik aurrerakoa da batere argi ez dagoena. Adibidez, noiztik ziren tinnertarrak CIAren salatari

Wikileaks bluffaren zokomiran nenbilen -alferrik, alafede-, halako zerbaiten bila, A. Müller epaile suitzarraren sorospena iritsi zitzaidanean. (Argi dezagun, gerorako utzi gabe, aipatu bluffarena. Wikileaksen bitartez kaleratu diren estatubatuar diplomaziaren dokumentuak interesgarriak dira banan-banan, jakingura duenarentzat. Eta berdingabeko argibidea izango dira XXI. mendearen lehen hamarkadako nazioarteko harremanak ikertu nahi dituenarentzat... denak eskuarki arakatzeko modua izaten badu. Hortxe baitago lehen koska galanta: Assengek erabili duen «banaketa» sistemari esker, dokumentu sortaren %1 ere ez dela argitara eman «argitalpena» hasi zenetik hilabete igaro denean. Eta, beraz, auskalo noiz izango dugun, inoiz izaten badugu, geuretzat interesgarrienak izan daitezkeenak ikusteko aukera. Eta...).

Omenkako filtrazio horrekin daramadan tripako mina zertxobait goxatu zidan, haatik, gaur zortzi Müller epaileak, ebazpen luze batean, Tinner aita -Friedrich- eta bi semeak -Urs eta Marco- suitzar legearen arabera epaitzeko proposamena ofizialki aldarrikatu zuenean. Batzuengan, Manning soldaduak Estatu Idazkaritzari ostutako dokumentuek baino askoz hotzikara latzagoak eragingo dituen gorabehera delako Tinner familiarena.

Auzi zaharra eta, gaiari dagokion eran, izugarri konplikatua, iluna da Tinner aita-seme suitzar hauena. Ingeniariak eta teknologia nuklearrean espezializatuak hirurak, Pakistan potentzia nuklear bilakatzeko ahaleginen laguntzaile funtsezkoak izan direla nahiko argi dago, halere. Tinner aita, A. Q. Khan ospetsuaren lagun mina zen ikasle garaietatik eta biek Europa Mendebaldeko industria nuklearrean lan egin zutenetik. Gero, A. Q. Khan Pakistanen egitasmo nuklearraren aitzindari bilakatu zenean, hark uranioa aberasteko behar zituen zentrifugagailuen osagaiak eskuratzeko bitartekari bilakatu bide ziren suitzar aita-semeak. Ondoren, teknologia hori Ipar Koreari, Irani, Libiari eta abarri salduz Khanek, berea finantzatzeko, sortu bide zuen «supermerkatu nuklearrean» saltzaile ere izan zirela argi dago. Eta hartara, besteak beste, suitzar legea urratzen ari zirela.

Hortik aurrerakoa da batere argi ez dagoena. Adibidez, noiztik ziren tinnertarrak CIAren salatari (majo kobratuz, jakina, «New York Times» egunkariak argitaratu duenez). 2004an, era aski esperpentikoan, Khan sarea agerian geratu zenean eta tinnertarrak Alemanian eta Suitzan atxilotu zituztenean, sator-lan hori 2000 inguruan hasia zutela esan zuten. Datak eta ekintzak zehaztea oso garrantzitsua da tinnertarren erantzukizuna ez ezik CIAk afera osoan norantz egin zuen arraunean igartzeko. Eta horrexegatik sutu zen Suitzan eskandalu politiko ederra jakin zenean bertako gobernuak tinnertarrei atzemandako dokumentu guztiak suntsitu zituela, «segurtasun arriskuak» argudiatuz.

Orain, sei urte geroago, epaiketa egin daiteke, eta ez da erraza izango entzuleen aulkian lekua hartzea.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo