GARA > Idatzia > Iritzia> Gutunak

Estitxu Iturrate EAko militantea

Agur eta ohore, Sabin!

Gaixorik zeundela jakin arren, bart zu zendu izanaren berria eman zidan mezua jasotzeak zur eta lur utzi ninduen. Niretzat militantziako kide bat baino gehiago izan zara, nire gidari politikoa hain zuzen. Beti adoretsu, lanean herri honen alde, errealitatea beste modu batean ikusteko grina piztuz, gure aberria egun batean aske ikusteko ilusioa zabalduz.

Inoiz ez dut ahaztuko nigan jarritako konfiantza hainbat plataforma, gogoeta taldetan aritzeko, beti ildo berari jarraiki, independentzia eta ezkertiarron indar metaketaren alde jarduteko. Beti zure ideiei fidel, zu kaltetu zintzaketen ondorioei jaramon egin gabe, horren gainean beti zeudelako/ daudelako ingurumenaren defentsa, justizia soziala eta abertzaletasuna. Inoiz ez ditut ahaztuko zure hauspo mezuak, emailak, gogoetarako testuz beteak. Zure hitzak momentu latzetan zein pozgarrietan.

Bart ohean buruari bueltaka, flash asko etorri zitzaizkidan zurekin igarotako momentuez, Nazio Eztabaidetako solasaldiak Koldo eta Martinekin batera, Aberri Egun bateratuan zure emaztearekin batera poz-pozik, EAko azken kongresuan nolatan zirikatzen ninduzuen zuk eta Koldok ni estatuetako ponentzian nengolako, Araiako mahai-inguruak Euskal Herri independente baten aldeko urratsak nola eman pentsatzen, asanbladetako zure interbentzioak, Lortu Arteko sinaduraren osteko solasaldia, eta nola ahaztu pasa den irailaren 11n Bilboko kaleetan zehar ibiltzen Kafe Antzokirantz nire urguilua, esanez, «Sabin izan da manifarako baimena eskatu duena!» denon eskubide zibil eta politikoen defentsan.

Bizitza askotan oso bidegabea da, zuk hainbeste estimatu eta landutako egoera berri bat fisikoki ikusteko atarian geratuta, baina zuk egindako lana ez da debaldekoa izango eta zauden lekuan zaudela, argi daukat irribarre batekin agurtuko duzula Euskal Herriko independentistoi datorkigun etorkizun hobea. 2009an esan zenizkidan hitzak beti izango ditut gogoan: «Estitxu, gure ekimena bide onetik doa eta laster gauza liteke ezkerreko alderdi eta gizarte eragile abertzale independentisten arteko bloke soberanista indartsu eta erabakiorra euskal politikan, eutsi goiari!».

Gero arte, irakasle handia, abertzale zintzo eta euskaltzale amorratua, zauden lekuan zaudela, argi daukat zure Zeanuri maitearen Gorbeiatik Euskal Herriari begira egongo zarela independentistoi indarrak emanez. Agur eta ohore! Ez zaitugu inoiz ahaztuko. Goian bego.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo