GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Paper berdina bitarteko desberdinetan

Usurbilen kokatutako KIE inprimategia utzi eta beste errotatiba batean inprimatuko da aurrerantzean GARA. Helburua kalitatea handitzea da, zalantzarik gabe. Horrez gain, Zestoan kokatutako Bidasoa, SA inprimategi berria elkarlanean bultzatutako proiektua da, eta horrek berezko balioa du herri honetan eta sektore honetan. Nolanahi ere, ezin da ahaztu aldaketaren atzean Estatu espainolak eragindako injustizia bat egon badagoela, Orain, SAk eta «Egin» egunkariak Gizarte Segurantzarekin zuten zorra KIEri leporatzearen ondorioz enpresaren jarraipena ezinezkoa bihurtu baita. Paradoxikoki, aldaketa eten nahi dutenek eragiten dute aldaketa.

Aldaketa honekin batera, beste batzuk etorriko dira laster. Aro berriak datoz bai ikuspuntu politikotik gure herrira, bai kazetaritzaren ikuspuntutik mundu mailara. Izan ere, gizartean gertatzen diren aldaketen adierazleetako bat da prentsa. Bere sortze egunetik bertatik, GARAren funtzioa, hedabide gisa bete nahi izan duen papera alegia, euskal herritarrei informazioa eta iritzia osatzeko bitartekoak eskaintzea izan da. Euskal Herrian egiten den eta Euskal Herriaren alde egiten den egunkaria gara. Paper hau jokatzen jarraituko dugu, paperean ez ezik gainerako euskarrietan ere, betiere mamiari garrantzia emanez. Aldaketak ez datoz, guk ekarriko ditugu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo