Jaia eta errebindikazioa ofizialtasunaren bidean
Euskal Herrian futbolzaleak ez dira gutxi, futbolzaleak eta, oro har, kirolzaleak. Gaur horiek Euskal Selekzioaren partida ikusteko aukera dute, baina futbolzaleak, kirolzaleak ez ezik, beste euskal herritar asko ere egongo da Bilboko futbol partidari begira. Eta afizio hori guztia, kirolzalea eta kirolzale ez dena, bat eginda agertuko da, futbol talde bakarraren alde. Beste taldearen aurka egin gabe, baina talde beraren jarraitzaile eta bultzatzaile. Euskal Selekzioa denen taldea delako, eta, gainera, munduko nazio askok duten aintzatespena, aitorpen ofiziala alegia, ukatzen diotelako, euskal herritarren eskubideak ere ukatuz. Horregatik, Euskal Selekzioaren partida, itzelezko jaia izateaz gain, errebindikaziorako hitzordua ere bada, egun osora zabalduko den hitzordua. Milaka euskal herritarrek Euskal Selekzioarekin bat egingo dute, San Mamesen bertan nahiz zelaitik kanpo, beren selekzioari bihotz emanez, buruan lelo bat dutela, partida baino lehen ESAITek deitutako manifestazioarena, hain zuzen: «Nazioa gara. Ofizialtasuna. Lortu behar dugu, lortuko dugu!». Eta lelo hori egia bihurtzeko instituzioen jarrera txepela aldatzeko eta munduaren aitortza lortzeko jokalariek eta herritarrek bat egitea ezinbestekoa dela jakin badakite. Ofizialtasunaren bidean urrats bat egiten ari diren eta ondoren urrats gehiago egin beharko diren kontzientzia ere izan baduten bezala.