GARA > Idatzia > Euskal Herria

Martinen euroagindua salatzeko baraualdia Donibane Lohizunen

Hamar bat gaztek «baraualdi sinbolikoa» hasi zuten atzo, Donibane Lohizuneko elizan, Aurore Martinen kontrako euroagindua salatzeko, eta bide batez, «eskubide zibil eta politikoak» aldarrikatzeko. Urtea amaitu arte iraungo du ekimenak, eta egunero, eguerdian eta arratsean, elkarretaratzeak egingo dituzte. Beste herrietan ere mobilizazioak izango dira. Bestalde, Batasuneko kidearen aldeko Facebook orrian 1.500etik gora lagunek adierazi diote sostengua.

p014_f01.jpg

A. MANTEROLA |

«Euroaginduari ez!» zioen elastiko laranjak soinean zituztela, gazte talde batek hitzordua emana zuen, atzo, goizeko zortzietarako Donibane Lohizuneko elizaren aitzinean. Bi ordu geroago, toki berean, ekimenaren arrazoia jakinarazi zioten hedabideei: «Aurore Martin Espainiaratzeko frantziar Justiziaren jarrerari eskandalagarria eta onartezina deritzogu. Are, aurrekari larria da, demokrazia batean adierazpen askatasuna eta proiektu politikoak defendatzeko aukera oinarrizko eskubideak baitira».

Epaitegien deliberoa eskubide horien kontrako «eraso zuzena» dela nabarmenduta, lau eguneko baraualdia abiatu dutela azaldu zuten. «Euroaginduaren prozedura oso larria da, Batasuneko Mahai Nazionaleko kide izategatik, iritzi artikuluak idaztegatik eta prentsaurrekotan azaltzeagatik Espainiako justiziak Aurore Martin espetxera kondenatzea duelako helburu» gaineratu zuten, eta «pentsamolde politikoen gainetik», euroagindua gauzatu ez dadin eta eskubide zibil eta politikoen alde «borrokatzeko garaia» dela adierazi zuten jarraian.

Apaizari eskerrak

Zentzu horretan, Dominique Errekart Donibane Lohizuneko elizako erretorearen jarrera biziki eskertu zuten «gose greba sinbolikoa» bertan garatzeko aukera eman duelako.

Abendua 31 bitartean egongo dira bertan, eta egunero, eguerdian eta arratsaldeko zazpietan elkarretaratzeak egingo dituzte. Urtearen amaierarekin bat, Zibururaino egingo duten ibilaldiarekin burutuko dute atzo hasitako ekimena.

Bitartean, beste mobilizazio batzuk ere egiten ari dira han-hemenka Ipar Euskal Herriko lurraldeetan. Atzo, Biarritzen elkarretaratzea egin zuten eta datozen egunetarako deialdiak ere badira Baionan, Angelun, Hazparnen eta Pausun.

Aurore Martinen aldeko Facebook orrian, berriz, dagoeneko 1.512 pertsonek sostengua adierazi diote militante abertzaleari.

Gaiak hartu duen garrantziaren lekuko, «Sud Ouest» egunkariaren webgunean 2010eko hamar gertakari nagusiez egiten ari diren inkestan, Martinen euroagindua ere jaso dute.

«Frantziak makurkeriaz erabiltzen du euroaginduaren tresna»

«Bakezko bideak erabiltzen direnean, Elizak ere giza eskubideen defentsa sostengatu egin behar du» adierazi zuen, atzo, baraualdia hasi zuten gazteen ekimena babestera azaldutako Mikel Epalza arrantzaleen kapilauak.

Zokoako apaizak Estatu frantsesaren jokabidea ez dela «inolaz ere onargarria» gaineratu zuen: «Frantzia legez kontra jokatzen ari da. Europak gaizkile handien aurka borrokatzeko sortutako euroaginduaren tresna adierazpen askatasuna murrizteko erabili baitu. Jokaera hori makurkeria hutsa da».

Epalzaren esanetan, Aurore Martin «gazte bat da; euskara ikasi duen gazte bat, Euskal Herria maite duena eta bere herriarentzat bakea erdietsi nahi duena».

Duela urte batzuk, Europako Parlamentuak Euskal Herriko bake-prozesua sostengatu zuela gogoratu ostean, Martinen kontrako erabakia ulergaitza egiten zaiola esan zuen elizgizonak: «Zer dela-eta, preseski orain, Euskal Herrian bake-bide bat zabaltzen ari denean, Parlamentu horrek onartutako euroaginduaren legea erabiltzen da euskal gazte bat atxilotzeko? Legebiltzar horrek bere buruari galdetu beharko lioke zertarako den prozedura hori. Gazteak, ideiak, zapaltzeko?».

Epalzak dei egin zion Estatu frantsesari «bide zuzena har dezan» eta «adierazpen askatasunaren kontra doan euroagindu hau gauzatu» ez dezan.

Barau egingo duten hamar gazteen ekintza sostengatzeko, beste gazte batzuk ere izan ziren agerraldian. Xabi Soubelet margolaria ere bertan zen, ekimenarekin bat datorrela adierazteko. A.M.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo