GARA > Idatzia > Kirolak> Errugbia

Aviron eta Biarritz, azken faseari begira

Jon LEUNDA I

Geldialdi luzea izan du Top 14ak. Azkeneko hilabete eta erdi honetan jardunaldi bat besterik ez baita jokatu. Selekzioak zirela-eta, hilabetez geldirik egon zen, eta ondorengo hiru asteetan ere ez da jokatu, Europako lehiaketak eta Gabonak tarteko.

Gaurko jardunaldiko norgehiagokak oso garrantzitsuak izango dira bai Avironentzat, bai Biarritzentzat; bai, behintzat, final-laurdenetan izan nahi baldin badute. Izan ere, zuri-urdinek nahiz zuri-gorriek lehia horretan arituko diren aurkari zuzenak izango dituztelako aurrean.

Jokatzen lehena Aviron izango da, zuri-urdinak 19.00etatik aurrera arituko dira Jean Dauguer estadioan Toulonen aurka. Frantziarrak une honetan final-laurdenak jokatzeko postuetan daude, sailkapeneko bosgarren postuan baitaude 36 punturekin, baina gaur Avironek garaipena lortuko balu, sailkapenean berdinduta geratuko lirateke, eta puntu gehigarria lortuta, berriz, aitzinetik. Aviron sailkapeneko zortzigarren postuan dago 32 punturekin. Beraz gaurko lau puntuak oso garrantzitsuak izango dira hiriburukoentzat.

Lehia handia

Biarritzen kasuan ere ez dira gauzak gehiegi aldatuko, izan ere, gaur garaipena lortzeak asko balioko bailieke. Parisen arituko dira 20.15etik aurrera Racing Metroren zelaian.

Bi taldeak daude helburuen barruan, baina galtzea atzerapausoa izango litzateke. Racing doa hirugarren postuan 39 punturekin, eta postu bat atzerago dago, puntu bat gutxiagorekin, Biarritz.

Zuri-gorriek sailkapeneko hirugarren postu hori begiz jota dute, eta aurrekoen huts egiteren bat izanez gero, gorago ere jar daitezke. Lehen helburua final-laurdenak jokatzea eta datorren urtean Heineken Kopan izatea segurtatzea da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo