GARA > Idatzia > Kirolak> Pilota

«Profesionaletan debutatzea espero nuen, baina ez, agian, horren azkar»

p038_f01_555x555.jpg

Jon JAUNARENA I Asperekin gaur debuta egingo duen pilotaria

Aita aizkolari handia izanagatik, etxe ondoan pilotan jokatzen hasi zenetik -6 urterekin hasi zen herriko pilota eskolan- kirol honek bete ditu Jon Jaunarenaren -Leitza, 1992/o2/03- bizitzaren ordu gehienak. Hamasei urterekin hasi zen Aspeko teknikarien esanetara entrenatzen eta gaur izango du profesionaletako debuta, herrikide eta lagun handia duen Abel Barriolaren babesarekin.

Jon ORMAZABAL I

Oso gaztetatik, pilotak bete ditu Jon Jaunarenaren bizitzaren ordu gehienak eta adituek etorkizun oparoa aurreikusten diote gaur Tolosako Beotibarren debuta egingo duen Leitzako aurrelariari.

Ordu batzuk baino ez dira geratzen debuterako, urduritasuna nabaritzen hasita?

Gutxi geratzen da, bai, eta egia esateko, nerbioak nabaritzen hasi naiz. Profesionaletako kontratua sinatu eta gero behar izan nituen egun pare bat gertatutakoa asimilatzeko. Gero nahiko lasai egon naiz, baina eguna gerturatzen joan den eran, gero eta urduriago nago, eta buruari buelta gehiago eman dizkiot.

Debutatzea ez da batere erraza, eta zuri oso gazte egokitu zaizu, espero al zenuen?

Debutatzea espero nuen, baina ez agian horren goiz, oso gaztea bainaiz. Dena dela, egia esanda, debutak hasieran lehenago izan behar zuen, apirilean edo martxoan, baina azkenean luzatu den arren, ni oso gustura.

Denbora asko daramazu Aspeko teknikariekin lanean...

Hamasei urterekin aurrekontratua sinatu nuen, eta ordutik Asperekin egon naiz entrenatzen eta ordutik nahikoa ikasi dudala uste dut. Lan fisikoa Javi Perezekin hasi nintzen lantzen, eta azkenaldian, Justi Lillorekin Tolosan; gero, frontoian, Jokin Etxanizekin aritu naiz.

Debutean entrenamenduko taldeko zenbait lagun izango dituzu aldamenean.

Bai, Abel izango dut atzelari eta konfiantza handia daukagu elkarrengan, askotan entrenatu gara elkarrekin, herrikoak gara, ondo konpontzen gara; eta alde horretatik oso pozik nago. Aritz Lasarekin ere, elkarrekin entrenatzen dugu fisikoa, eta elkarri adarra dexente jo diogu azkenaldian.

Barriolarekin debutatzea berezia izango da, ezta?

Ilusio handia egiten dit. Bera da gaur egungoen artean atzelaririk onena eta gainera nire herrikoa izanda, oso berezia izango da biontzat.

Definitu zeure burua...

Nik uste dut daukadana kolpea dela, horixe nabarmenduko nuke eta saiatzen naiz aurrelari jokoa egiten, tantoak bukatzen. Batzuetan irteten da, besteetan ez, baina horretan saiatzen naiz.

Eta zer daukazu hobetu beharra beste hauen mailan jartzeko?

Nik uste dut segurtasuna dela aldea. Beraiek urte asko daramate eta pilotarik ez dute galtzen, nik beraiek baino askoz errazago galtzen dut pilota. Hori denborarekin hartzen joango naizela uste dut.

Afizionatuetan oso maila ona emanda zatoz, horrek segurtasuna ematen du?

Hau desberdina da, beste etapa bat da, afizionatuetakoa amaitu zen, hau hasi da eta ikusiko dugu noraino heltzen naizen. Nik uste dut erritmoan dagoela alderik handiena, baita materialean ere, baina jokatzen zaudela pentsatzeko askoz denbora gutxiago daukazu profesionaletan.

Gustuko pilotariren bat?

Martinez de Irujo eta Oinatz Bengoetxea. Ez da herrikoa delako, baina horiek gustatzen zaizkit, aurrelarietan fijatzen naiz gehien.

Beste kirolari profesional bat Leitzan, zer du herri honek?

Batzuek ura dela esaten dute, baina ez dakit zer izango den. Kirolerako afizio handia dagoela egia da, hortik aurrera ez dakit zein den arrazoia.

Aita aizkolaria izanda ez zenuen tentaziorik izan?

Aita entrenatzen zenean ibiltzen nintzen berekin, baina pilotan hasi eta orain arte jarraitu dut horretan. Aizkora oso gogorra da, gainera lan handiagoa dauka eta pilota errazagoa dela uste dut. Aitak plazan ibiltzea zer den badaki, aholku onak ematen dizkit, eta eskertzen da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo