GARA > Idatzia > Kultura

«Bizi naizen artean kantuan segitu nahi dut, hori da-eta nire ardatza»

p040_f01_148x244.jpg

Mikel URDANGARIN I Musikaria

Mikel Urdangarin (1971, Zornotza) kantari ezaguna da gurean, ahots eta molde ezaguterraza eta ibilbide propioa garatu duen bakarlaria. Bada hamarkada luze bat kantuan hasi zenetik, eta 1997an «Haitzetan» plazaratu zuenetik zazpigarrena du iazko «Zubia», elkarlanean burutu dituen egitasmoak aintzat hartu barik. Sortu duen kantu sortarik ederrena batu eta zuzeneko lan batean ematea du hurrengo erronka.

Anartz BILBAO |

Mikel Urdangarinek gustukoen duen eran agurtuko du badoan urtea, oholtza gainean kantari. Bilboko Kafe Antzokia aukeratu du horretarako (bihar, 21.30ean eta 10 euroren truke), iraganean ere Gabon bueltan zapaldua duen agertokia baita, eta azken urteotan alboan izan dituen kideak izango ditu musikari lagun, grabatu eta datorren udazken aldera zuzeneko disko bihurtuko den festan.

«Zubia» izan duzu azken lana, dagoeneko urte luze bateko ibilbidea egin duena. Zer-nolako erantzuna jaso du?

Lanarekin oso pozik nago. Normalean berehala nekatzen naiz diskoekin eta honekin aseta gelditu nintzen, bai soinuarekin, bai egiteko moduarekin. Egia esateko, maitasun berezia diot «Zubiak» lanari. Eta kontzertuetan ere, ez gara topera ibili, oso zaila baita egun, baina konforme gaude ibili dugun bidearekin. Jotzeko aukera izan dugu, oso plaza politak egin ditugu eta nahiko gustura nago. Diskoarekin ere bai, oso pozik nago. Oraindik... normalean berehala nekatzen zara diskoez eta honekin oso gustura gelditu nintzen, bai soinuagatik, eta bai egin genuen moduagatik.

Orain, zuzenekoa jo eta grabatu egingo duzue. Zergatik... eta zertarako?

Aspaldiko gogoari erantzuteko. Azken lauzpabost urteetatik hona banabil grabatzeko gogoz, zuzenekoak gustuko ditut-eta. Gainera, azkeneko diskoak estudioan baina ia-ia zuzenekoaren formularekin grabatu genituen. Biharko kontzertuarekin, publikoarekin eta zuzenean grabatzeko gogoari erantzungo diogu. Ez dakit hau den horretarako momentu egokia, baina sentitzen dugunari erantzuten saiatzen gara. Azken urteotan lagun izan ditudan taldekideekin soinu berezia lortu dut, eta jasotzeko gogoa dugu. Eta orain heldu da momentua.

Akaso zuzenekoan kantuak beste oihartzun bat hartzen duelako?

Zuzenekoak dena aldatzen du, talde guztiak aldatzen dira diskotik zuzenekora, beti egoten da ñabardura bereziren bat. Guk egun soinu berezia lortu dugu, disko guztietan era berdinean jaso ez duguna. Musika ibilbideari ekin nionetik, hamaika-hamabi urtean musikari askorekin jo dut, baina azken hamar urteetan Rafarekin [Rueda] eta Bingenekin [Mendizabal] nabil eta azken sei urteetan talde berarekin. Bakarlaria izan eta neuk sinatzen dudan arren, apurka-apurka soinu propio bat garatu dugu eta talde sena lortu. Eta bada hori guztia disko batean jasotzeko garaia.

Zer aurkituko du kontzertuan izango den zaleak?

Plazaratu ditudan lan guztietatik pasatu eta denetatik zerbait jaso nahi dut, laburpen bat egitea ezinezkoa den arren. Azken batean, lehen aipatu dudanez, soinu bat agertu gura dut, taldearekin aspaldi lantzen nabilena. Beraz, aukeraketa batez ere gogoari begira egingo dugu, lagunen eskariren bat edo besteri ere erantzun beharko diogun arren. Alde batetik, kantatu nahi ditudan abestiak joko ditugu, azken urteotan jo ditugunak... baita kantu zaharrak ere, aspaldi jo ez ditugunak. Gertatzen da kantu batzuk sortu nituenetik orain arte kantatu ditudala, ez naizelako beraiez nekatu. Kantariaren eta kantuen arteko harremana ulergaitza da sarri, baina kantatzen duzuna gauza bizia da eta aldakorra izatea normala da. Gogoaren arabera, kantu batzuk gorde eta denborarekin berriro berreskuratzen dira. Eta orain hamabi urteko kantuak bizirik egotea inportantea da, oso ezberdin emango ditugulako, sonoritate aldaketa nabarmenarekin gaurkotuak.

Bilakaera hori jaso eta argitaratzeko asmoa duzu?

Bai, zuzeneko disko batean -udazkenean argitaratuko da-. Irudia ere grabatuko dugu guretzako gordetzeko asmoarekin (oraindik ez dakigu nola), baina soinua da inporta zaidana, eta horri begira egin ditugu prestaketa guztiak. Gu, kantuak eta publikoa lan batean elkartzea. Biharko kontzertuaz gain, orain urtebete eskas Kursaalen emandako kontzertua ere grabatu genuen, baina gure lehen asmoa eta nahia diskoan Kafe Antzokian emango duguna agertzea da, Bilboko gaua.

Bilboko Kafe Antzokia eta Gabon buelta hautatu duzue horretarako.

Apropos egindako aukeraketa da, bai. Aukera gehiago ere baziren, baina indar gehien zuen aretoa Kafe Antzokia zen, bertan biltzen baitira ni hasi nintzenetik honainoko makina bat oroitzapen. Gainera, Gabon bueltan jo izan dut bertan, eta giro berezia sortzen da. Urtea agurtzeko modu polita iruditu zitzaidan.

Etapa baten amaieran zaudela esan nahi al du ibilbidea zuzenekoan laburbiltzeak? Mugarri izango duzu?

Buruan badut lan hau mugarri izateko asmoa, baina ezin da inoiz datorrenari buruz hitz egin, ez dakizu-eta. Azken hamarkadan makina bat disko eta elkarlanean egindako egitasmo ugaritan parte hartu dut, makina bat informazio jaso dugu, eta hori batu eta ordenatzeko modu bat da zuzenekoa. Ziklo antzeko bat itxi, orain artekoa argazki batean laburtu eta ateak guztiz irekita utzi etorriko denari. Askatasun hori sentitu nahi dut, datorrenari erabat libre ekiteko. Lehen esan dizudan moduan, talde honekin beste inorekin sentitu ez dudan komunikazio eta feeling-a izan dut, eta hori oso gaitza da lortzen. Talde sena sortu dugu, eta niretzat hori mantentzea oso inportantea da, edozein egitasmo berriri ekiten diogula ere. Amets antzeko bat litzake hemendik hamar urtera horrela jarraitzea. Agian ez da, baina munduko talde onena dudalako sentipena dut.

Etorkizuneko erronkarik aurreratu zenezake.

Ez, ez dut-eta. Traspasos dantza taldearekin egitasmo bat egin dut (nire kantuekin eta bertsioekin osatutako dantza garaikideko ikuskizuna), ahalik eta txukunen emango dugun kontu polita. Gabonen ostean, baina, atseden hartu, hausnartu eta datorren udazkenean plazaratuko dugu orain grabatuko dugun zuzeneko diskoa. Bitartean, izango dugu denbora zer egin pentsatzeko. Pausa bat behar dut orain, baina badakit honetan jarraituko dudala, musikari lotuta, gehien maite dudana delako. Ikusiko dugu.

Aurten Moskun eta Jerusalemen jotzeko aukera izan duzu. Esperientzia ederra.

Itzela izan da, urte honetako oparirik handiena izan dira bi zuzeneko horiek, exotikotasunagatik edo. Moskun Txaikovski kontserbatorioan jo nuen Nikarekin bikotean, leku zoragarri batean, bertako ganbera aretoan. Sekula ez nuen pentsatuko errusiar publikoaren aurrean jotzea! Akustikoan jo genuen, inoiz egin ez dudan legez, gitarra entxufatu gabe, eta ordura arte sentitu gabekoak sentitu. Publikoa serioa zen benetan, eta kontserbatorioko ohiturari jarraituz, isiltasuna erabatekoa -beldurgarria zen, benetan!-. Jerusalemen berriz, arazoak izan ziren. Nikarekin bikotean jotzekoa nintzen bertan ere, baina nazioarteko txalupen afera gertatu zen aste berean, eta kontzertua atzeratu. Gero Rafa eta Bingenekin, hirukotean bueltatu nintzen hilabetera. Bertan egotea berezia zen jada, ez nuen sekula usteko. Indusketa gune batean jo genuen, oso leku politean. Palestinan publikoa beroagoa da errusiarren aldean (palestinarrak eta atzerritarrak, judurik ez zen). Jerusalem ekialdean jo genuen, palestinarren aldean. Oso zigortuta daude, eta urteroko oparia dute bertan ospatzen den jaialdia, eta asko eskertzen dute, ez baitute besterik.

Urte berriari begira, Olentzerori aitortzeko moduko eskaririk egin diozu?

Egia esan, ez diot ezer eskatu. Zertarako? Asmoak egin egin behar dira, gauzatzeko. Eskatzea erraza da, baina aspalditik egunetik egunera bizi ditugu ametsak, gauzak egiten ditugulako lortuz. Nire guraria hil arte kantuan segitzea da, ahal bada taula gainean jarraitzea, beste kontu garrantzitsu batzuekin batera -maitasuna, familia, lagunak- nire ardatza da-eta.

Mikel Urdangarinek seiko musikari-lagun koadrila osatu du oholtza gainean kantari

Urdangarinek kasik hamar urte daramatza Bingen Mendizabal (arrabita) eta Rafa Rueda (gitarra) musikariekin lanean, eta azken bospaseiak egun taldekide dituenekin, Koldo Uriarte (teklatuak), Nika Bitchishvili (arrabita) eta Saihela (bateria). Eta badirudi musika taldea baino lagun koadrila osatu dutela elkarrekin.

«Zuzenekoa grabatzeko arrazoirik handienetarikoa da egungo taldearekin aurkitzen oso zaila dena topatu dudala, talde sena. Gure artean eskuzabaltasuna dago, musikariak eskarmentu handikoak dira, ibiliak, eta badakite nola lagundu talde giroari ondo eusteko. Eta asko eskertu dut hori. Gainera, musikalki ez dut sekula egun dudan sentsazioa eduki, soinu berezia lortu dugu».

Lagunak ahotan hartuta, Mendizabal eta Ruedarekin osatzen duen hirukotea aipatu digu lehenengo zornotzarrak -elkarrekin parranda asko egindakoak omen dira, bazkari eta afari ugaritan batu eta berbaldi luzeak egindakoak-. «Nire makuluak dira, beti prest dauden musikariak, eta sekula hutsik egingo ez didaten sentipena dut beraiekin. Eta besteekin antzera. Gertu ditut laguntzeko zein arriskuak hartzeko, beti prest».

Banan-banan azterketa egiten hasita, «Bingen maisu antzeko bat dut, luze hitz egiten dugu musikaz, bizitzaz... elkarrekin zerikusi handia dugu, eta berarengandik ikasi dut», argitu digu kantariak. «Rafarekin, antzera. Haragi egindako baikortasuna da, eta gitarra jotzaile aparta, nigandik hurbil sentitzen dudan musikari trebe eta berezia». Hirukotea erotasun puntu batek batzen duela ere jakinarazi digu Urdangarinek, Koldok «orekatzen» duena: «Taldean artezen ikusten dudana da, guztiok tenkatu eta sendotzen gaituena, seriotasuna eman eta ordena jarriz, beste taldekideok oso fragilak baikara, bestalde gizarte osoa legez». Saihelaren txanda helduta, «rara avis bat da -diosku Urdangarinek-, bateria jotzeko modu berezia duena pertsona berezia delako. Ez dago munduan bera bezalako besterik». Bukatzeko, zuzeneko batzuetan bikote eta laguntzaile bakar izaten duen Nika Bitchishvili hartu du ahotan zornotzarrak. «Georgiarra da, beste kultura eta izaera batekoa, eta taldeari asko ematen dio horrek. Sarri pentsatu izan dut gure bideak topo egin izana opari bat izan nuela».

Guztien artean sonoritate berezia lortua du seikoteak, bihar Bilbon, Kafe Antzokiko oholtza gainean agertuko duena. Eta behin festa ospatu eta grabaketak eginda, udazkenean zuzeneko diskoa plazaratuko du taldeak, egun osatua duten lagun giroak betiko iraun dezan. A.B.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo