GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Izaskun Guarrotxena eta Miren Aranguren | Euskal Herriko Bilgune Feministako kideak

Emakumeon beharrak vs. aurrekontuak

 

Azken aste hauetan Arabako, Bizkaiako eta Gipuzkoako parlamentuan, baita Nafarroakoan ere aurrekontuak onartu dira. Ezinezkoa zaigu 2011ko diru partiden aurreikuspenak onartu diren garai honetan, aurrekontuen gaineko analisia egitean, bizi dugun krisi ekonomiko soziala ekiditea. Batez ere, proposatutako aurrekontuetako murrizketak ikusita: nagusiki, politika sozialetan eta genero politiketan izango dira; horrela, gastu publikoen eta zerbitzu sozialen murrizketa agerikoa izango da. Horrez gain, krisi ekonomiko sozialaren aitzakiapean, eta gaur egun dagoen diru kopurua gutxitzearekin, indarrean dauden politika sozial askoren beharra zalantzan jarri dute.

Gainera, aurrekontuak udalen eta parlamentuen eskumenak izan arren, dirurik ezean, oso zaila da benetako aldaketak sustatzea eta egitea. Horrela, instituzio publikoek, politika eta lanketa anitzak aurrera eramateko euren eskumenak galdu dituzte, botere ekonomikoen mesedetan. Beraz, instituzio publikoek gestiorako boterea galdu dute eta botere ekonomikoen uztarripean daude.

Egoera hau izanik, aurrekontuek herritarrengan izan ditzaketen eraginez eta garrantziaz jakitun, -«aurrekontuetan agertzen ez dena ez da existitzen»; berriro ere, jendartearen eraldaketa soziala ahalbidetuko duten politiken aldarria egiten dugu. Aurrekontu parte hartzaileak eta emakumeen egoera aldatzeko politikak sustatuko dituzten aurrekontuen beharra aldarrikatu nahi dugu. Bada, azken urteetan emakume ekonomialari feministek egindako lanari esker emakumeen beharrei eta interesei erantzungo dieten aurrekontuei begira ezinbesteko baldintzak landu eta adostu ditugu. Horiek horrela, gaur egun dauden baldintzak birgogoratu beharra ikusi dugu.

Botere politikoak, zuzentasunaren eta berdintasunaren aldeko diskurtsoan murgilduta daude guztiz, eta horrek benetako errealitatea ezkutatzen du. Jakina da, benetan aurrekontu parte hartzaileak indarrean jartzeko, beharrezkoak diren bi aldagai izan behar dituztela: borondate politikoa eta konpromisoa, hain zuzen ere. Eta hartu beharreko konpromisoak atal anitz izango ditu. Izan behar ditu.

Alde batetik, aurrekontuak egiteko garaian ezinbestekoa da emakumeon hitza kontuan hartzea; hori horrela izan dadin, ezinbestean, emakumeon parte hartzea sustatzeko eta bultzatzeko bitartekoak eskaini behar dituzte. Horrela, aurrekontuak osatzeko zein erabakiak hartzeko prozesuan, jendartea osatzen dugun herritar ororen parte hartzea bermatu ahal izateko.

Bestetik, aurrekontuen proposamenetan emakumeen beharrak aintzat hartu eta horiek betetzeko konpromisoa agertu behar dute. Emakumeontzat bideratutako programak, jarduerak ezagutu, informazioa jaso eta hauen eraginkortasuna baloratzea premiazkoa da; baita sexuen araberako datuak jaso eta aztertzea ere.

Aurtengo aurrekontuetan, lehen esan bezala, helburu ekonomikoek lehentasun osoa dute eta alde batera utzi dute konpromiso soziala. Helburu ekonomikoak eta konpromiso sozialak parekatzea ezinbesteko premisa da.

Eta ezin dugu bukatu aurrekontuen inguruko analisi hau emakumeok ekonomiari egiten diogun ekarpen ezkutua azaleratu gabe: zaintza eta etxeko lanak, kontraturik gabeko lanak... Aurrekontu parte hartzaile eta aurrerakoi batzuek aldagai hauek kontuan hartu behar dituzte.

Azkenik, kontzientziazio lana egitea ezinbestekoa da, botere politikoen benetako konpromisoa lortu ahal izateko, eta benetan, parte hartzaileak eta emakumeon errealitatea aintzat hartuko dituzten aurrekontuak bermatu ahal izateko.

Aurten berriz ere, herriaren, emakumeen beharretatik oso urrun aurkitzen diren aurrekontuak osatu dituzue. Ahoa «berdintasuna» eta antzeko hitz potoloekin betetzen zaizuen bitartean, emakumeen bizi baldintzak nahita kaskartzen jarraitzen duzue. Baina ez gara isilduko eta lanean jarraituko dugu aurrekontu parte hartzaile eta parekideen alde.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo