GARA > Idatzia > Kirolak> Errugbia

Biarritzek eta Avironek gozo jarraitu nahi dute

p043_f02.jpg

J.L.

Top 14an bigarren itzuliko bigarren jardunaldia jokatuko da gaur, eta euskal taldeak lehendabiziko sei postu horietan sartzeko borrokan ari dira, horrek emango baitie Ligako finalerdiak jokatzeko txartela.

Biarritzek eta Avironek gaur jokatuko dituzte norgehiagokak 15.00etatik aitzina, eta biak arituko dira Euskal Herritik kanpo.

Aviron bolada txarra pasatuta berriro ere indartsu dator behetik gora, eta azken jardunaldietan garaipenak bata bestearen atzetik ari da pilatzen. Asteazkenean Toulon mendean hartuta, gaur Agenen zelaian arituko da, eta, ustez, lau puntuak batzeko moduko zelaia izango da jokalari zuri-urdinentzat.

Agen hamabigarren postuan dago, eta mailari eusteko borroka horretan ari da. 20 puntu besterik ez ditu jokoan, eta beraientzat ere gaurko garaipena garrantzitsua izango litzateke, zulotik gero eta argi gehiago ikusteko modua izango bailukete.

Aviron, berriz, zortzigarren postuan dago 36 punturekin, baina aurretik duen taldearekin, Toulonekin, berdinduta dago. Hauek helburuei eutsi ahal izateko beharrezkoak dituzte lau puntuak, izan ere, horrelako zelaietan galtzen diren puntuak asko nabaritzen baitira denboraldi amaieran. Gajanek eta Lievremontek zuzentzen duten taldeak konfiantza berreskuratu du, eta une oso gozoan dabiltza. Europan multzoko lehendabiziko postuan daude, eta Ligan berriro ere onenen artean sartua dute burua.

Biarritzek kolpe latza hartu zuen Montpellierren galduta, baina horretatik osatzeko beste aurkari zuzen bat mendean hartzea izaten da onena, eta horretan saiatuko dira gaur Toulonen zelaian. Hauek ere aurreko partida galdu egin zuten, beraz, beraien arteko borroka horretara biak ere neurketak galduta helduko dira.

Biarritz maila ona ematen zebilen, baina azken jardunaldian ez zuen neurketa ona egin, batez ere lehen zatian ibili ziren galduta, eta hantxe egin zien ihes garaipenak.

Ohorezko Maila

Ohorezko Mailan ere gaur jokatuko da jardunaldia, nahiz eta Bera Berak ez duen jokatu beharrik. Donostiarrek gaur jokatu beharreko partida orain dela bi astera aurreratu zuten, eta 11-17 galdu zuten partida.

Beraz, orain Ampo Ordiziaren eta Bizkaia Gernikaren txanda izango da, eta biek Valladolideko taldeak izango dituzte aurrez aurre. Gipuzkoarrek 12.30etik aurrera Cetransa El Salvador hartuko dute, egungo txapelduna. Hala ere, aurtengo denboraldia ez da oso ona beraientzat, eta sailkapeneko goiko postu horietan ordiziarren aurkari zuzenak bihurtu dira.

Bizkaia Gernikak, berriz, Quesos Entrepinaresen zelaian jokatuko du 16.00etatik aurrera. Bizkaitarrak behetik gora indar handiz heldu dira, eta sailkapeneko goialdean itsatsita geratzeko aukera paregabea dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo