GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Aizkora. Urrezko lehiaketa

Otaegik eta Mujikak agortu dituzte beren aukerak

Arria-Rekondorekin galduta, lehiaketatik kanpo geratu dira. Errezilgoak eta Leitzakoak, berriz, gutxienez final-laurdenak jokatu ahal izango dituzte.

p043_f01.jpg

Izena ABIZENA | LEKUA

Joseba Otaegik eta Jexuxmari Mujikak amaitu dute Urrezko Aizkora, herenegun arratsaldean Asteasun galdu egin baitzuten Arria V.aren eta Jon Rekondoren aurka. B multzoko bigarren neurketa izan zen hau, eta lehen postuan errezildarra eta leitzarra Nazabalekin eta Jauregirekin berdinduta geratu dira. Orain bien arteko neurketan ikusiko da zein sartzen den finalerdietan. Irabazten duenak finalaren atarikoa jokatuko du, eta galtzen duenak, berriz, final-laurdenak, beste multzoetako bigarrenekin.

Arriak eta Rekondok jokatu beharreko sei probetatik bostetan irabazi egin zuten. Iraupen proba bakarrik galdu zuten, gainerako guztietan nagusi izan baitziren.

45 ontzako enborra zeinek kolpe gutxiagotan moztu neurtuz abiatu zen lehiaketa. Arriak eta Rekondok 33 kolpetan erdibitu zuten; Zizurkilgoak eta Ibarrakoak, berriz, 38 kolpetan egin zuten. Gero, kana-erdikoa zutik izan zuten, eta hor ere errezildarra eta leitzarra gailendu ziren. 2 minutu eta 19 segundo behar izan zituzten eta 2 minutu eta 42 segundo besteek. Hirugarren lanean, erlojuz kontra 60 ontzako enborra moztu behar zuten, eta hor ere tartea egin zuten Arriak eta Rekondok. Gipuzkoarrak eta nafarrak lana minutu bat eta 38 segundotan amaitu zuten, eta bi gipuzkoarrek, berriz, 2 minutu eta 12 segundotan. Laugarren lanean ere zulo handiagoa egin zuten. 45 ontzako enbor bat zutik jarrita eta gero tamaina berekoa etzanda jarrita moztu behar zituzten; Arriak eta Rekondok 2 minutu eta 8 segundotan amaitu zuten, eta 23 segundoko aldea kendu zieten aurkariei.

Azken-aurreko lanean bi 60 ontzako moztu behar zituzten, eta hor ia dena erabakita geratu zen. Arriak eta Rekondok 4 minutu eta 28 segundotan bota zituzten enborrak eta Otaegik eta Mujikak 5 minutu eta 13 segundotan. Zizurkilgoak eta Ibarrakoak iraupen proba bereganatu zuten gutxienez. Txanda librean lau kana-erdiko eta bi 60 ontzako moztu behar zituzten, eta 11 minutu eta 44 segundotan bota zituzten, aurkariei hamar segundo kenduz. Denera 23 minutu behar izan zituzten Arriak eta Rekondok eta, 25, Mujikak eta Otaegik.

Zilarrezkoa

Zilarrezko Aizkora ere herenegun jarri zen abian Asteasun bertan, eta Dorronsoro-Mujika bikoak irabazi zuen lehen neurketa Zaldua eta Alkizalete II.a mendean hartuz. Hiru probetatik bi irabazi zituzten Dorronsoro-Mugertzak. Lan guztiak, berriz, 11 minutu eta 35 segundotan burutu zituzten, eta Zaldua-Alkizalete II.ak, berriz, 12 minutu eta 29 segundo behar izan zituzten egin beharreko guztiak egin ahal izateko.

Bost

Urrezko Aizkoran sei proba ezberdin jokatu behar izaten dira, eta horietako bost irabazi zituzten Arriak eta Rekondok, eta bat besterik ez Otaegik eta Mujikak.

Zilarrezkoa

Zilarrezko Aizkora ere abian jarri zen herenegun, eta lehen neurketa Dorronsorok eta Mugertza III.ak irabazi zuten Zaldua eta Alkizalete II.a mendean hartuz.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo