GARA > Idatzia > Kultura> Musika

Toņo

Andoni TOLOSA «MORAU» Musikaria

Duela hilabete batzuk egin genuen topo azken aldiz, John Hyatten emanaldian, alegia. Gu berandu gindoazen, ohikoa denez, eta behingoagatik rock kontzertu bateko ikus-entzuleen adinaren batez bestekotik behera genbiltzala disfrutatzen ari ginen. Bi aldeetara, jendez inguratutako pasillotik, gure lekuen bila, arin. Gureak baino kupela handiagoak, gureak baino bisaje zimurragoak, larruzko jaka gutxi eta markakoa izan nahiko zukeen arropa asko. Rock kontzertuak eserita ikustearen ajeak! Eta hara non Toñok kasu egin zigun.

Aspaldi ikusi gabe eta hantxe zegoen, museo edota hitzaldiren batean ere topatuko zenukeen publiko berberaren artean ederki kamuflatua. Rockero malapartatuarena baino irakasle gogotsuaren antza gehiago du Toñok. Bai oholtza gainean, bai oholtza azpian. Askok kontrakoa uste duen arren, ez da rockero itxurarik eduki behar kantu bikainak egiteko. Are gehiago, tipo jator, umil eta zintzo itxurakoa izan zaitezke eta Euskal Herriko rock kantu idazlerik hoberenetakoa izan. Elkarri lau esaldi esan eta Beñardok gure lekuak topatu zituela abisua egin zigun, eta esertzeko garaia ere bazela gogorarazi zuen txirrinak. Beraz, aio eta aio.

Baina gaur, Graham Parkerren azken diskoa entzuten ari naizela, Toñorekin akordatu naiz. Nolakoa den burua! Eta faltan sumatu ditut amarrurik gabeko rockeroak. Gaur egun ez dira falta oholtza gainean ikuskizuna emateko moduko piztiak, su artifizialak, prestidigitadoreak. Toñoren modukoak dira falta direnak. Ikuslearen aurrean biluztea kostatu arren, kantu bati zentzua ematen dioten gauza ez oso inportanteak maitekiro kantatuko dizkiguten musikariak.

Agertokian lotsatuta bezala aritzen zen Toño, kikilduta hasieran, kantuei itzala egin nahiko ez balie bezala. Haren (eta lagunen) musika, ordea, laster batean jabetzen zen gutaz, dantzan jarri arte. Ahots hauskorra eta gitarrarekin gozatzeko hamaika modu. Ez dizuet esan, baina gitarra jotzaile bikaina da eta horrek salbatzen zuen, nolanahi ere, Toñok jendearen aurrean zuen jarrera herabeti samarra. Hura festa, Balerdi Balerdiren emanaldi bakoitza. Balerdi Balerdi aipatu dut, harekin ikasi genuelako Toño estimatzen. Tocamas, Motos, Kontuz Hi era aipatu nitzakeen, eta noski, baita Balerdi erdi ere, horretaz aritu ginen John Hyatten-enean topatu ginenean. Horrekin konformatuko gara, Balerdi asko baita Balerdi erdi ere.

Barkatu, baina Elvis Costelloren azkena entzuteko gogoa piztu zait.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo