GARA > Idatzia > Kultura

Eszenak

«Bob Esponja » musikala BEC-en izango da bihar emanaldi bikoitzean eta ia sarrera guztiak agortu dira

Hamabi urte betetzear den mundu osoko belaki ezagunena Barakaldoko BECen izango da bihar, emanaldi musikala eskainiz. Ikuskizunak arrakasta izugarria izan du orain arte, saio guztietan sarrerak agortzeraino. Harrigarria da praka karratudun pertsonaia horitxo honek duen jarraitzaile olatua, haur zein heldu izan.

p048_f01_250x132.jpg

Bikiniko itsas hondoan bizi da Bob Esponja bere lagun Patricio izarrarekin, Arenita Mejillas urtxintxarekin, bere maskota Gary itsas kurkuiluarekin eta umore petraleko Calamardo Tentakulu bizilagunarekin. 1999an Stephen Hillenburg artista, animatzaile eta itsas biologoak ur azpiko fantasiazko mundu hau sortu zuenetik hamabi urte igaro dira eta Nickelodeon telebista katearen produktu izarra bilakatu da. Gutxienez, 25 hizkuntzatara itzuli dira bere abentura alaiak eta adiskidetasun istorioak. Haurrek izugarri maite dute eta haien aitzakian, gustura ikusten dute helduek ere.

Bihar musikal formatuan iritsiko da Barakaldora, telebistan ezagun egin diren kantuak eta beste hainbat berri abestuz eta dantzatuz. «Bob Esponja, la esponja que podía volar» (hegan egin zezakeen belakia) izena du BECen emanaldi bikoitza izango duen ikuskizunak. «Adiskidantza, gainditze eta adore» istorio bat da eta, ordu eta erdiko iraupenean, Bob Esponja bere ametsa egia bihurtzen saiatuko da: marmokekin batera «hegan» egitea. Moldaketa Flipy umorista espainiarrak egin du eta Madrilen eta Bartzelonan egindako emanaldietan sarrerak agortu dira. Bihar 12.00etako saiorako ere duela pare bat aste bukatu ziren -eta ez, preseski, merkeak direlako, 28 eta 43 euro artean balio dute- eta gutxi batzuk baino ez dira gelditzen 16.00etan egingo den emanaldirako.

Homosexualitatearen bultzatzaile?

Dena aldeko ezin eta polemikatan murgilduta ere izan da Bob Esponja. 2005ean, AEBetako sektore kontserbadoreenek «homosexualitatearen onarpena bultzatzea» egotzi zioten belakitxoari. We Are Family fundazioak egindako bideo baten harira sortu zen iskanbila. Bertan, Bob Esponja bera protagonista zela eta beste ehun bat haurrentzako pertsonaia atzean zituela Sister Sledge taldearen «We are family» abesti ezaguna kantatzen ageri ziren, «tolerantzia eta bizikidetza bultzatuz». Focus on the Family erlijio taldeari, ordea, ez zitzaion batere ongi iruditu. «Bideoak tolerantzia bultzatzen du, baina baita bestelako zaletasun sexualak dituztenekiko ere», esan zuen James C. Dobsonek, elkarteko presidenteak. «Gay-en aldeko propagandaren bozgorailua» izatea ere egotzi zioten.

«The New York Times» egunkarian, berriz, honakoa argitaratu zen horren guztiaren harira: «Telesaila ikusten duten haurren artean duen arrakastaz gain, gay helduen irudi bilakatu da, agian, bere lagun Patriciori eskutik heltzen diolako eta `Gizon sirena eta ume lanpernaren abenturak' alegiazko programa ikustea gustuko duelako».

Egia esan, polemiken laguntzarekin edo gabe, ezin uka daiteke bere arrakasta. Facebook sare sozialean 2.560.000 jarraitzailetik gora ditu bere orrialdetako batean -mordoa dira belakiari eskainitako gune eta taldeak-. Telebistan ez ezik, bideo-jokoetara ere egin du jauzi, baita pantaila handira ere. 2004an izan zen hori, Paramount Pictures eta Nickelodeon Movies-ek ekoiztu zuten eta 2006rako 85.416.609 dolar bildu zituen AEBetan, 140 milioitik gora mundu zabalean. Euskaraz ere bada Bob Esponjaren abenturekin gozatzeko aukerarik. Aizkorri argitaletxeak dozena erdi liburu eman zituen iaz argitara, 5 eta 9 urte bitarteko haurrei zuzendutako ipuin koloretsuak. Eguberri hauetan ere, jostailu saltzaileek beragan izan dute krisia gainditzeko itxaropena. Merchandising produktuetan 6.000 milioi euro mugitzen ditu pertsonaiak.

Ane ARRUTI

Fitxa

Izenburua: Bob Esponja, hegan egin zezakeen belakia.

Eguna: Urtarrilaren 8a.

Lekua: BEC, Barakaldo.

Ordua: 12.00etan eta 16.00etan.

Sarrera: 28 eta 43 euro artean (eguerdiko emanaldirako, agortuta).

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo