Koldo Urrutia Arabako Iruña Argitzeko Batzordearen izenean
Malentxo, Iruña-Veleia konpondu datazioekin
Pala mekanikoak harlauzen gainean zegoen guztia erauzi zuen: hormak, estratuak, hondakinak... Ez genuke nahi, zortzi urte barru, egiazkoak direla ebatziko balitz, indusketa eremu guztia suntsituta egotea
Lehendabizi, publikoki eskerrak eman nahi dizkizugu, Arabako Aldundiko Kultura, Euskara eta Kirol diputatu berri gisa gu hartzeagatik, eta, Iruña-Veleiako ostraken gai korapilatsu honetan gure iritzi xumea emateko aukera eskaintzeagatik.
Ez dakigu gaur egun, munduan, era zientifiko batez argitzeko gai hau baino gauza errazagorik egongo ote den. Hasieran, Aldundiak sortutako Batzordeko kide gehienen -ez guztien- txostenetan oinarrituta hartu zuen erabakia. 2008ko azaroaren 19an, Batzordeko kide batzuek, ostrakak argi eta garbi faltsuak zirela adierazi zuten, besteak beste, «Descartes» hitza agertzen zelako eta osagai kimiko moderno bat zutelako.
Aldundiko Batzordean zientzien arloko aditu bi baino ez zeuden: Fernando Legarda jauna, ingeniari nuklearra eta Juan Manuel Madariaga jauna, kimikaria. Lehenengoak ostraken euskarriak, -zeramikak- erromatar garaikoak zirela baieztatu zigun. Bigarrena, ostrakak faltsuak zirela esan zuena izan zen, osagai moderno bat zutelako. Hurrengo egunean, Eliseo Gilek argitu zuen gai hau, Madariagak aurkitutako osagai moderno hori normalean apurtuta agertzen diren zeramika zatiak itsasteko erabiltzen zen kola zela zehaztuz. Madariagak azaroaren 19a baino lehen gai honi buruz Eliseori ez galdetzea oso esanguratsua da.
Baina Madariagaren txostenean, ez da ezer agertzen. Prozedura kimikoen bidez ostrakak ezin direla datatu zioen, zeramikak gehiegi garbitu zirelako eta ez zutelako sedimentu nahikorik azalean.
Gero, Lorena Lopez de Lacallek, ostrakak egiazkoak izan zitezkeela esaten zuten 16 txostenak ikusi zituenean, Madariagaren txostenak -zituen kontraesanengatik- askorako ez zuela balio ikusi zuenean, Aldundiko Batzordeko kideak 16 txostenei erantzuteko gai ez zirela ikusi zuenean eta, batez ere, txosten horietako batek -Koen geologoarenak- ostrakak datatu zitezkeela esaten zuenean, ez zuen hartu beharreko erabakia hartu: datazioak egin daitezkeen ala ez aztertzea.
Eta, iaz, gai hau daraman epaile andereak datazioak egiteko urratsei hasieran eman zienean, Eliseo Gilek, eskatu zuelako, Lorenak ere ez zuen egin beharrekoa egin: datazioak beste inor baino lehenago egin, ostrakak egiazkoak diren ala ez jakin ahal izateko.
Gainera, datazioak egin daitezkeen ala ez argitzeko, inori ez zaio bururatu gai honetan gehien dakitenei galdetzea: Europan dauden arkeometriako laborategiei, adibidez, Liejako CEAri edo Groningeneko LCMri.
Orain, EAko Lorena anderearen ordez, Malentxo anderea, zeu zaitugu EAJren alderditik Kultura diputatu. Baina, zuekin izandako bileran, zeuk eta zure taldeko Roman Berriozabalek, orain arte egindakoarekin erabat ados zaudetela esan zenuten. Horrez gain, epaileak esaten duenaren zain egon behar dugula, eta Aldundiak epailearen ikerketa ez zuela oztopatuko.
Zoritxarrez, Euskal Herrian Justiziarekin dugun esperientziak erakusten digunez, bere eraginkortasuna, askotan, zalantzan dago. Adibide gisa, «Egunkaria»-rekin gertatutakoa. Ostrakak egiazkoak ala faltsuak diren jakiteko 8 urte itxaron behar baldin badugu... Gainera, 15.000 euro direnez, Malentxo anderea, ez litzateke logikoagoa izango datatu daitezkeen ala ez galdetzea?
Bileran dezepzio handia hartu genuen zurekin, gai hau orain arte jarraitutako bide beretik eramango duzuelako. Bide horrek bi kalte egin ditu: ostraken faltsutasuna gizarte osora zabaltzea, kata kontrolatuak eta datazioak egin baino lehen. Eta, indusketa eremuaren %3 suntsitzea, pasa den uztailean, hondeamakina batek harlauzetaraino lanean aritu zenean. Pala mekanikoak harlauzen gainean zegoen guztia erauzi zuen: hormak, estratuak, hondakinak...Ez genuke nahi, 8 urte barru, egiazkoak direla ebatziko balitz, indusketa eremu guztia suntsituta egotea.
Malentxo anderea, EAJk gai honen ardura hartuko balu, zentzu gehiagoz jokatuko zuela uste genuen. Adibidez, Leitzaranen barrena egin nahi zen autobiaren gaian, zure alderdiak gai hau modu egokian konpondu zuen. Edo Getariako Balentziaga Museoa, aurreko arduraduna kendu ondoren, gaia modu egokian kudeatu duzuelako.
Amaitzeko, zure alderdiko kide Amatiñoren hitzak gogoratu nahi ditugu. Berak, 13 txosten eginda ikusita (hau idatzi zuenean orain baino 3 gutxiago zeuden), dataziorik ez egiteak ez zeukala zentzurik esan zuen, faltsuak ziren ala ez argituko liguketelako. «Ez dakit baina, ni euskaltzainburu edo Arabako diputatu nagusi banintz, ez nuke lasaiegi lo egingo. Eta... benetakoak balira?».