Euskararen normalizazioari taxuz ekitearen alde
Nafarroan ohikoak dira hizkuntza politikaren aurkako protestak, hezkuntzaren kalitatearen aldekoak ere badirenak, euskarazko hezkuntzaren aurkako erasoak ere ohikoak baitira. Zonifikazioa, euskara murrizten duen legea bera urratzea, herri eskolak ixtea... hizkuntza politika okerra baino zerbait larriagoaren adierazle dira. Euskaraz ikasi nahi duten eremu «ez-euskalduneko» haurrek hizkuntza «muga» bat zeharkatu behar dute egunero, kasu askotan etxetik urrun ikasi, bazkaldu, bidaiatu beharrean dira; beste batzuek, eremu euskaldunean bertan ere, ez dute euskarazko ereduan ikasteko eskaintzarik eta etxetik urruneko herri edo auzoetara jo behar dute edo, herri eskolan ikasle kopuru txikia den aitzakian, beste herri batean ikasi. Kasu guztietan hizkuntza eta hezkuntza eskubideak urratzen dizkiete egunero eta, gainera, haien sendiei kostu ekonomikoa emendatzen. Hartara, euskarari, nafarren hizkuntzari hain zuzen, ezarritako muga salatzeko, apirilaren 10ean Mendigorrian mugen kontrako jaia egingo dute.
Hizkuntza politika okerra ez ezik, bidegabeko erasoa ere bada, Nafarroan eta gainontzeko euskal lurraldeetan, euskararen normalizazioari taxuz heltzeko borondate politikoaren falta nabarmentzen duena. Testuinguru horretan, guztiz zentzuzkoa dirudi LABen proposamena: Euskal Herri osorako normalizazio plangintzari ekitea.