GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Sonia Gonzalez sagarroiak@gmail.com

Deshumanizazioa

Titularretan eta adierazpenetan errepikatu den esaldia, «secuestrar y ejecutar», alegia, apuntadoreari -guardia zibil bati- zor diote. Estreinaldia noiz eta zelan egin ere ondo pentsatua izan da

Sasoirik etikoetan etikoenean bizi omen gara. Pertsonekiko tolerantzia, otzantasuna bizikidetza mantsorako, giza eskubideen errespetua... Sufrimenduarekiko identifikazioa balio gorena da, nahiz eta normalean gure egongeletako besaulkitik egiten den identifikazio erosoa izan.

Arkaitz Goikoetxearen bideoak asaldatu ditu politikari, esatari eta tertuliano guztien sentimendu horiek guztiak aste honetan: irudiek erakusten duten laztasuna, durduza, hoztasuna, berba batean, gizatasun falta, deshumanizazioa.

Ondo da, egin dezagun berba orduan deshumanizazioaz.

Sufrimenduarekiko identifikazioaren etika hau ilusiozko etikan datzala ekarri genuen jadanik hizpidera aurreko batean. Sufrimenduarekiko identifikazioa ez da orokor eta inkondizionala. Irizpide bi betetzen badira baino ez da suertatzen: sufrimendu horrek indibiduala izan behar du, eta gertu dagoen lagunarena izan behar du. Hori denok dakigu eskarmentu propioz, gizaki guztiok eskarmentu propioz sentitzen dugun heinean.

Multzoen sufrimenduak ez du enpatia nahikorik eragiten. Sufrimendu indibidualek baino ez dituzte besteen sentimenduak bereziki asaldatzen (10.000 hildako desastre batean vs hildako bat lapurreta batean). Bigarrenez, gertu dagoenarekin baino ez gara identifikatzen. Gertu fisikoki, jakina (bost lagun istripu batean hilik hemendik 2.000 kilometrora vs geure herrian bertan gertatutako istripuan). Hala ere, gertutasun funtsezkoena beste bat da: bestea subjektu, gizaki, gure parekotzat hartzea.

Beraz, deshumanizaziorako lehen pausoa pertsonak multzo bihurtzean datza. Bigarren pausoa pertsona objektu bihurtzea da, helburu zehatz baterako erabiltzen den objektua. Pertsonok gizatasuna ez daukagu berezkoa, gizatasuna ikusten gaituenak ematen digu. Ikusten gaituenak objektu moduan ikusten bagaitu, ez gizatasunik, ezta are gutxiago giza eskubiderik ere. Pauso hauetan oinarritzen da deshumanizazio prozesua.

Deshumanizazioaren toki gorena gure jendartean ez dira zentro komertzialak. Inon pertsonari pertsona izaera kentzen bazaio, hori komisarietan lortzen da. Komisarietatik pasatzen diren guztiak berdinak dira, denek berdin jokatzen dute, denak dira multzo formagabea. Torturatzaile finek -baita Haiti eta bestelako hondamendiak direla-eta eskuko telefonotik donazioren bat egiten dutenek ere-, objektuak jipoitzen, bortxatzen eta kolpatzen dituzte, ez subjektuak.

Bideoan ikusi ahal izan duguna, egia da, ez da oso normala, ez jokatzeko, ez esateko moduak. Antzerki obra bat izateko detailerik ere ez du falta, ezta apuntadorea ere. Erreparatu ez baduzue, gerora titularretan eta adierazpenetan errepikatu den esaldia, «secuestrar y ejecutar», alegia, apuntadoreari -guardia zibil bati- zor diote politikari eta egunkariek, hain zuzen ere. Estreinaldia noiz eta zelan egin ere ondo pentsatua izan da.

Eta kafkianoena: antzerkian agertzen dena egiatzat duten bitartean, gezurtzat hartzen dute kalabozoetako errealitate bortitzaren kontakizuna. Hirugarren batek erabakitzen du guztiz etikoki zer den egia eta zer gezurra.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo