GARA > Idatzia > Kirolak> Pilota

Binakako Txapelketa

Irujok Roberto Baggio izan nahi izan zuenekoa

Aurreko astean ez bezala, Gonzalez eta Laskurain gustura geratu ziren Labriten aurkitu zuten materialarekin.

p037_f03_148x092.jpg

Jon ORMAZABAL

90eko hamarkadako Italiako futbol selekzioaren joko zurrun eta defentsiboan, Roberto Baggio zen taldeari talentua eta irudimena gehitzen zion jokalaria. Bada, Fiorentinan eta Juventusen hazi zen jokalariak bere selekzioarekin titulurik irabazi ez bazuen ere, garaipen-zerrenda bikaina duen Martinez de Irujori ez litzaioke batere axolako Caldognoko aurrelariaren papera hartzea, Binakako Txapelketa honetan behinik behin.

Dudarik ez dago Iberokoa futbolzalea dela -bera izan zen Binakako Txapelketak Liga zirudiela esan zuena, Xala-Barriola eta Olaizola II.a-Begino, Bartzelona eta Real Madrilekin alderatu zituenean- eta euren aurtengo ibilbidea azaltzean ere konparazio egoki bat erabili zuen atzokoan Labriten. «Askok esango dute gu Italia bezalakoak garela, final-laurdenetan gola luzapenean sartu eta gero -bi tantoren aldeagatik sartu ziren ligaxkan- finalera heltzen garela, ea egia den. Oso txapelketa arraroa izan da, niretzat bereziki gogorra, eta finaletik partida bakarrera egote hutsarekin gustura nago», azaldu zuen Irujok.

Pilotekin gustura

Bi bikoteak enpresa berekoak izanda eta pilota desberdinenak aukeratzen dituena, Aimar Olaizola, tartean egon gabe, aurreko astean ez bezala, Juan Mari Juaristik aurkeztutako materialak ez zuen inolako kexarik jaso. «Materialak ez du batere zerikusirik aurreko larunbatekoarekin. Oso pilota politak dira, bai eurenak, baita gureak ere», azaldu zuen Aritz Laskurainek.

Aurkariei ez bezala, Soraluzekoak eta Gonzalezek ez dute aski partida irabaztea, Irujo-Merino 15 tantotan utzi behar dituzte eta igandeko emaitzaren zain egon. Gauzak horrela, presioa Irujo eta Merinorena omen da. «Gu lasai eta partida on bat egiteko kontzentratuta irtengo gara. Geure buruak aldarrikatu nahi ditugu, baina irabazi beharra eurek izango dute».

Martinez de Irujo

«Askok esango dute Italia bezalakoak garela, final-laurdenetan gola luzapenean sartu eta finalera heltzen garela. Nork esango zidan aukera hau izango nuela».

Aritz Laskurain

«Gu lasai eta partida on bat egiteko kontzentratuta irtengo gara. Geure buruak aldarrikatu nahi ditugu, baina irabazi beharra eurek izango dute»

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo