GARA > Idatzia > Iritzia> Azken puntua

Lander GARRO Idazlea

Basoetako kondairak

Amak basoan ez sartzeko eskatu arren, basoan sartu izanagatik aurkitu zuen Txanogorritxok otsoa, edo otsoak Txanogorritxo. Basoak dakar madarikazioa. Basoa iluna da, zuhaitz artetik edozer, edonor ager daiteke, lanbroa hautsiz, mehatxuz. Basotik datoz kondairak, basoa labirintoa baita, edo gela itxi bat, zuhaitz-murruek ezkutatutako gela; zer dago, nor dago: dena da ezkutuko. Zuhaitz artean zegoen Hanselek eta Gretelek ezustean aurkituko zuten goxokizko etxea, eta, haren barruan, sorgin ume jalea, umeak goxokiekin liluratu ondoren kaiola batean gizentzen zituena, ahateak oroit, labean erre eta gupidarik gabe bazkaltzeko. Basoa bizirik dagoela kantatzen du poetak, hontzak eta arimak nahasten direla basoarena ez bada inorena ez den lurralde beti aldagarri horretan. Legez kanpokoaren babesleku izan dira beti basoak, kontrabandisten eta lapurren lubaki, ezkutuan dabilenaren etxe. Zuhaitz artean zegoen Arkaitz Goikoetxea gaztea ere. Haren alboan, safarirako jantzita bezala, giza eskubideen aldeko epaile txit prestua. Sar zaitez etxean, diotso, hemen dituzu txokolatezko opilak, pastelak, eztia. Atzean borreroak, ez bat ez bi, hamaika. Zatar jantzita daude, Goikoetxea bezala, zatar, gau luzearen ondotik apaintzeko betarik hartu gabe. Ileak nahas, aurpegiak zurbil: mendeak dira atea borraz amilduta etxean sartu zirela. Lehen egunean esan nahi ez zuena esatera doa orain, ahotsa mehe, eztarria dardara batean. Puskatuta dago mila zauritan. Borreroen hatsa usain dezake oraindik garondoan, horretarako daude han, ez dezan ahantz. Kutxa aurkitu dute, ateratzera doaz. Zer dago kutxa hartan? Egiaren kutxa ezkutatzen zela esaten dute boterearen kalakariek, baina, argazkia ikusita, badirudi Arkaitzen hilkutxa dela ateratzen ari direna. Sar zaitez hor, gazte, geuk piztuko dugu labea. 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo