GARA > Idatzia > Kultura

Ritxi AIZPURU Musika argitaratzailea

Denboraren palindromoak

Gauza guztiek bere soinu, zarata edo musika dute. Urak hainbat soinu du eta horietako batzuk, lasaigarri ezaugarriekin, maiz erabili dira gizakien oreka edo ongizatea babesteko. Baina urak, ere, soinu beldurgarriak izan ditzake, urduritasuna, ezinegona eta antsietatea baita mailarik gorenean sortu. Ura ibaian bezala, beti badoa, dena doa, ura badoa, gu ere joango garen bezala, eta hori denbora da.

Benito Lertxundi kantariak bere abesti batean honela zioen: «Urak dakarrena, urak daroa, lurrak emandakoa, lurrean gelditzen da. Eta gu hemen, beti gu hemen.» Beti ikusi dugu urak nolakoak egin dituen, adibiderik argiena, Japoniako kostaldeak jasandako tsunami bortitza. Urak ekarri eta bai eraman ere. Ura denbora eta musika da, eta musika denborarekin erabat loturik doa, baina ez soilik hizki larriz idatziriko denbora, musikan tempoak dena baldintzatzen du. Musikaren aztarnak beti hor geratuko dira.

Bestalde, uraren antipodetan sua dugu eta gehienetan elkarrekin doaz. Ura, sua, denbora orekaren bila. Zer da oreka? Sua lipar bateko distiraren gaia, eta hori da iraultza, izpiritu askea, jarrera, gaztetasuna, maitasuna, ukazioa bere gauean, istilu eta guda, baita burutu gabeko eginkizuna ere, eta horra doaz gizakiak hiltzera. Baina munduko gau honen desira ere bada. Sua daraman denboraren ura geratzen da, ordea, eta honek itzali egiten du hori.

Suaren denboraren indarrean zihoazenean gauzak zihoazela, ur lasterrek ito zituzten bira-biraka genbiltzala gaueko gaztetasunean. Palindromoaren efektua. Honek hasiera eman zion ordutik aurrera amaigabe berriari. Beraz hasieratik hastea bezalakoa da. Badira ikusten ez diren gauzak, ezin ditugunak sentitu, dena justifikazioaren aldean jartzen dugulako.