GALen aurkako «azken» epaiketa, esanguratsua
Atzo Miguel Planchuelo Polizia espainiarreko buru ohiaren aurkako epaiketa hasi zen Auzitegi Nazionalean, Donibane Lohizuneko Batzoki eta Consolation tabernetan egindako atentatuengatik. Akusatuak esan zuen Espainiako Gobernuak Segundo Marey bahitzeko baimena eman zuela. Jose Amedo polizia espainiar ohiak ere deklaratu zuen, lekuko gisa eta, beraz, zinpean, eta esan zuenez, GAL sortzeko erabakia Felipe Gonzalez Gobernuko orduko presidenteak hartu zuen, Ramon Jauregi, Txiki Benegas, Jose Barrionuevo eta PSOEko beste zenbait goi karguren onespena zuela. Euskal Herrian inor gutxi harritu bide dute adierazpen horiek. Izan ere, berandu datoz, PSOEko buruzagien gaineko susmoa oso aspaldi zabaldu eta funtsatuta baitzegoen. Berandu datoz Amedoren eta Planchueloren adierazpenak, Gobernu espainiarreko presidente ohi Felipe Gonzalezek berak berretsi zuelako susmo horien funtsa aspaldi ez dela. Bi poliziok estatu aparatuen zigorgabetasunaren adierazle dira, bere garaian ezarri zieten kartzela zigorra eta egiaz bete zutena ikusita. Zigorgabetasun horren alde, fiskalak Planchueloren aurkako auzia artxibatzeko eskatu du. Eta zigorgabetasun hori norainokoa den erakusten duten datuak nahikoa argigarriak dira: GALek 27 lagun hil zituen, eta beste hogeitaka zauritu, baina sei prozesu judizial baino ez dira burutu; hartara, atentatu gehienak zigorgabe gelditu dira.