Gari Mujika Kazetaria
Balioak eraldatzea ez da iraultza makala
Gatazkaren jirabueltan hazi eta hezi diren (garen) euskaldunek munduari beren zilborretik abiatuta egiten diote so gehiegitan.
Mexikoko zapatisten borroka, nik, esaterako, kutsu erromantikoz blaituta ikusten nuen, iraultzak eta iraultzaileek eragiten duten mirespen itsutik. Nahiz eta nire baitan, nagusitasun uste batetik, euren borroka gutxietsi, egingarria ez delakoan.
Uneotan, ordea, inbidiaz begiratzen ditut. Zapatistek ez dute soilik borroka bat martxan jarri, benetako iraultza ari dira egiten. Zein? Balioena. Ez baita inolaz ere erraza bostehun urteko zapalkuntzaren oinazeak kentzea, emakumeen zapalkuntza errotik moztea, ukatuak baina eurenak diren eskubideak eskuetan hartzea eta, bide beretik, Hego Amerikan balioen iraultza horri ateak irekitzea. Jakitun dira bihar, bortxaz eta indarrez, desegin ditzaketela. Baina haziak bota dituzte, ugari, eta ereiten ari dira. Jada, Mexikon ez da indigenarik bere izanaren eta izenaren kontzientzia ez duenik. Eta horri tankeak Lacandonako oihanean sartuta ere ezin zaio aurre egin.
Gurean, baina, bestelakoak dira kontuak. Akaso, oker arituko naiz, eta pozik onartuko nuke akatsa. Baina egungo gizarteak, baita gureak ere, balioen krisi itzela bizi du. Sistemak ondoegi lantzen du borroka ideologikoa: jaiotzatik eskulan merkearen logikan txertatzen gaituzte. Jaio, hezi, ikasi, lana, autoa erosi, etxea, familia osatu eta hil. Hori da dagoen eskaintza. Eta «iraultzaile» garela sentitu edo uste arren, logika horri ihes egitea lortzen duten gutxi ezagutzen ditut.
Alabaina, ezker abertzaleko kideek, gaurko aldaketaren motore, horretan ere badute erronka. Ez soilik euren proiektu politikoa egikaritzeko bidean gizartea eraldatzeko lanean, baita politika «ofizialean» ezarrita dagoen konbentzionalismoari men ez egiteko erronka ere. Perspektiba politikoa betaurrekoetan zorrozteko garaiak dira, baina baita erroan dauden balio iraultzaileak, erradikalak noski, praktika politikoan azalaraztekoak ere.
Bat laster gorpuztuko da. Gatza etxean izango baita, borrokaren duintasuna bizirik mantentzea balio ordainezina dela 31 urte luzez tinko defendatzen aritu ostean.