GARA > Idatzia > Euskal Herria

Azken 50 urteotako dokumentuak jarri ditu sarean Euskal Memoriak

Azken 50 urteotako dokumentuak sailkatu eta digitalizatu ondoren, sarean jarriko ditu eskuragai Euskal Memoriak. Memoriaren berreskuratzea «era kolektiboan» egiteko tresna izango da webgune berria.

p015_f0271983.jpg

GARA | DONOSTIA

Euskal Herriko oroimena berreskuratzeko asmoz egiten ari diren lanean, Euskal Memoria Fundazioak tresna berriak aurkeztu zituen atzo prentsaurrekoan. Memoria berridaztea «garrantzitsua» dela ulertuta, oroimenarekin zein historiarekin loturiko dokumentuak, irudiak, testigantzak eta datuak biltzeko konpromisoa hartu zuen Euskal Memoria Fundazioak sortu zenean. Hala, helburu hori betetzearren Dokumentazio Gune Iraunkorraren egoitza izango da www.euskalmemoria.com.

2009 amaieran lanari ekin ziotenetik jaso dituzten «memoria atal» guztiak bilduko dituzte gunean, baina, horretarako, sailkatu, antolatu eta digita- lizatu egin beharko dituzte aurrez. Hala ere, apurka digitalizatzen ari diren dokumentu horiek kontsultatzeko modua ere eskainiko dute. «Azken 50 urteetan errepresioak utzi duen arrastoa zehatz-mehatz jasotzen duten gertakariak, izenak, lekuak... bilduta ditugu orain arte, eta aurten, Frankismoaren lehen hamarkadetan gertaturikoaren testigantza, irudi eta bestelakoak biltzen ari gara horiek ere eskuragarri jartzeko», azaldu zuen Fundazioko ordezkari Arantxa Erasunek.

Euskal Memoriak argitara emango dituen lanak boluntario askori esker bildutakoak direla nabarmendu zuen. Hori horrela izanda, behar duen guz- tiaren eskura jarri nahi dute bildu eta gordetakoa.

Orain arte argitaratutako liburu eta aldizkariei, beraz, webgune berria gehituko zaie historia «modu kolektiboan» indartzeko ahaleginean. Tresna honen bidez, Euskal Memoriak herrietan duen dinamika ezagutzeko modua izango da eta memoriaren inguruan egiten eta ezagutzen diren berriak zabalduko dira.

Erasunek nabarmendu zuenaren arabera, Euskal Memoriaren filosofia eta zentzua «orain arte bildutakoa guztion artean osatzen joatea da». Horregatik, web orria jendea berreraikitze lan horretan parte hartzera bultzatzeko bitarteko izan dadin ere prestatu dute.

Iñaki Egaña historialariak, bestalde, memoria kolektiboak ikuspuntu politikotik ere garrantzia duela esan zuen: «Herri baten geroa iraganarekin eta orainarekin eraikitzen da, beraz, iraganaren parte bat falta bazaigu, etorkizuna baldintzatu dezakegu». Hala, memoria belaunaldiz belaunaldi gordetzea ia derrigorrezko lana dela adierazi zuen eta «ondare» bezala gorde behar dela.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo