HAUTESKUNDEAK EUSKAL HERRIAN
Hondakinen kudeaketa ekologikoak etorkizuna du
2007an ilegalizazioaren sareak harrapatu ez zituen ezker abertzaleko hautagaitzek martxan jarri dituzten proiektuen geroa zalantzan egon da Bilduk argi berdea izan duen arte. Jokoan zen, batez ere, hondakinen kudeaketa ekologikoaren aldeko apustua. Orain, aldiz, zabaltzeko aukera ikusten da.
Janire ARRONDO
Gero eta aberatsago bihurtzen joan garen neurrian, egunero- koan erabiltzen ditugun tresna edo gaiak zokoratzeko izugarrizko erraztasuna lortu dugu. Horren aberatsak garenez, zabortegiak baliozko hondakinez bete ditugu.
Hamarkada luzez, gainera, garapenarekin batera etorri da produktuak ontziratuta saltzeko ohitura edo «erabili eta botatzeko» gaien ugaritzea, kontsumitzeko modu hori ongizatearen seinale balitz bezala.
Gaur egun, herrialde baten garapen maila edo aberastasuna neurtzeko, nahikoa da herri horren hondakinak neurtzea. Pertsonako eta eguneko sortzen dugun zabor kopurua garapena neurtzeko indize zehatzagoa izan liteke telefono, telebista edo ospitaleetako ohe kopurua baino.
Orain baina, ezinezkoa da bide horretan jarraitzea. Asko oraindik ohartu ez badira ere, kaleko edukiontzietan botatzen ditugun zaborrak ez dira hor desagertzen, zabortegietara doaz. Eta zabortegiek goia jo dute, leporaino bete dira. Euskal Herrian arazo larria daukagu etxeko zaborrekin, baina horiek ezin dira magia bidez desagerrarazi eta errauste plantek ere ez dituzte desagerrarazten.
Errausteak ez dakar irtenbidea
Arazoa errotik konpontzeko birziklatzearen eta berrerabiltzearen aldeko apustua egin beharrean, orain artean Aldundiek errausketaren alde egin dute. Bilbon badute Zabalgarbi zentroa eta Gipuzkoan orain gutxi hasi dira Zubietan planta berria eraikitzen. Puntako teknologia erabili arren, erabat toxikoa da hondakinak erretzeko prozesua; ondorioak argi ikusi ahal izan dira Zabalgarbin, behetik igarotzen diren ubideetan izan diren isuriekin. Gipuzkoako ingurumen diputatu Carlos Ormazabalek Zubietako plantak puntako iragazkiak izango dituela dioen arren, toxikoak ez kanporatzeak prozesuaren ondoren geratzen den errautsa -erretako hondakinen %20-30- are eta toxikoagoa egingo du azkenean. Eta Aldundiak errauts horrekin eraikuntzarako blokeak egingo dituela dio.
Azken legegintzaldian Euskal Herrian zero zabor politiken aldeko korrontea zabaldu da, alegia, etxeko ohiturak zein kontsumitzeko moduak eta Ontzien eta Ontzi Hondakinen Legea bezalakoak aldatzea bultzatzen duen mugimendua. Helburua, hasieratik ahalik eta hondakin gutxien sortzea da eta sortzen den horri irtenbide ekologikoa ematea. Oraingoz, planteamendu hori praktikara eramateko modua, berriz, atez ateko zabor bilketarena izan da. Era honetan, hondakinak %80tik gora bereizita jasotzen dituzte, gero zati bakoitza -beira, papera, organikoa eta plastikoa- berreskuratuz.
Politika horren bidetik, Usurbil, Oiartzun, Hernani eta Antzuolako udalek hondakinen kudeaketa jasangarriagoaren bideari heldu diote, birziklatzearen eta berrerabiltzearen aldeko apustua eginez. Bildu instituzioetan izanda eredu hori Euskal Herri osoan zabal liteke. Kutsadura besterik ez dakarten negozioak alde batera utzi, eta herritarren osasunaren, ingurumenaren eta ekonomiaren onerako izango diren politikak ugaltzeko aukera ireki da. Aurreikuspenen arabera, Bilduk gutxienez berrogeita hamarren bat udaletan goberna lezake Euskal Herrian.
Atzo bertan, Usurbilgo Bilduren alkategai Mertxe Aizpuruak koalizioko hainbat kideri herriko atez atekoaren gaineko azalpenak eman zizkien. Usurbilen ibili ziren Martin Garitano, Ander Rodriguez eta Iñaki Azkarate bilketa sistema ezagutzen.
Kolore politikoetatik kanpo
Hondakinen kudeaketa modu batean edo bestean izateak ez dio ideologia politiko bati edo besteari mesede egiten. Aitzitik, Gipuzkoan, Zubietako errauste plantaren mehatxupean sortu den Zero Zabor mugimendua erabat politizatu dute. Hainbat herritan ezker abertzaleko udal-gobernuek praktikan jarritako eredua izan denez, hainbat alderdik guztiz kontrako jarrera hartu dute. Nafarroa, ordea, bide horretatik kanpo jar daiteke. 2010eko irailean azaldu zuen Nafarroako Hondakinen Partzuergoak atez ateko bilketa hondakinen arazoari irtenbidea emateko aukeretako bat izan zitekeela.
Euskal Herritik kanpora ere ikusi da hondakinen kudeaketan ideologiaren koloreak ez duela zerikusirik.