GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Lorcako herritarrek merezi duten elkartasuna

Herenegun arratsaldean Lorcan (Espainia) izan zen lurrikarak irudi ikaragarriak utzi ditu, zenbakiek nekez zehatz ditzaketen ondorioak, alegia: bederatzi hildako, 300 zauritu inguru eta ezin konta ahala kalte material. Milaka lagunek etxetik kanpo eman zuten lurrikara gertatu zen gaua. Joan den martxoan Japonia urrunean izandako lurrikarak astindu zuen mundua; 2010eko urtarrilean, berriz, Haitikoak, eta lehenago beste hainbat lurrikara, tsunami edota uholdek han-hemen. Izan ere, ez dago arrisku horietatik kanpo dagoen herrialderik, ez pobre ez aberatsik. Eta naturaren dohainak eta edertasunaren onuradun diren bezala, hark eragindako hondamendien mende daude denak. Hondamendi horiek natur fenomenoaren nolakotasunaren araberakoak ez ezik, gizakiaren eraginaren araberakoak ere badira; esate baterako, herritarren segurtasunaren bizkar garapen ekonomiko hutsa lehenesteak eta gizarte bazterkeriak naturaren eragin latzak are latzago bilakatzen dituztenean; Haitiko lurrikarak herri baten ustiaketa basatiaren ondorioen adibiderik argien eta tristeena izan zen. Nolanahi ere, hondamendi guztietan lekuan lekuko bizilagunek, xumeenek gogorrenik, pairatzen dituzte ondorio horiek, eta denek merezi dute elkartasun bera. Gaur Lorcako herritarrek merezi duten elkartasun guztizkoa.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo