Urtzi Urrutikoetxea Euskal PEN kluba
Euskal PEN Kluba eta idazle kurduak
Euskal PEN Klubak Adnan Hassanpour eta Hiwa Butimar kazetari kurdu presoak ohorezko kide izendatu zituenean 2007an, bien aurkako heriotza-zigorra kentzea lortu genuen. Geroztik, hainbat lagun eta senideren esker ona izan dugu, baina Irango erregimenak gogor zigortu ditu. Mokhtar Hooshmand, Hyro Daneshi eta Behzad Kurdistani izan dira horietako hiru, Kurdistanen beren abegikortasuna agertzeak baina, Iranen jazarpena ekarri du. Mokhtar 2010eko udan atxilotu zuten eta preso jarraitzen du. Behzad ere atzeman eta gogor torturatu zuten, besteak beste, euskaldunekin harremana izateagatik. Fidantzapeko askatasuna lortzean ihes egitea erabaki zuen, heriotza-zigorra ezartzeko arrisku handia baitzeukan Irango Kurdistango poeta ezagunenetakoa izanik.
Hyro Daneshik gaztetatik jardun du kurduen eta ekologiaren alde. Hiwa Butimar senar espetxeratuarekin batera Irango Armadaren gehiegikeriak salatu zituen, eta Kurdistango basoak berariaz erretzen zituztela erakutsi zuten, gerrillaren aurkako taktika gisa. Ondorioz, heriotzara zigortu zuten Butimar, «mohare» (Jainkoaren etsai) izateagatik. Geroztik, Hyrok borrokan jarraitu du, senarraren eta erreprimitutako kurdu guztien alde. Ondorioz, Irango polizia sekretua etxera joan zitzaion bila urtarrilaren 5ean, eta bere bila zebiltzala zabaldu zuten Meriwan hiri osoan. Zorionez, garaiz ihes egitea lortu zuen eta Euskal Herrian daukagu orain.
Dei berezia egin nahi dugu maiatzaren 16an arrastiko zortzietan Gatazka liburudendan (Erronda kalea, Bilbo) egingo dugun hitzaldirako.