GARA > Idatzia > Mundua

Aurreikuspen eza kritikatuz, lurrikararen kalteak ebaluatzen hasi dira Murtzian

p024_f01_199X112.jpg

GARA

Murtziako Lorca hiriaren atzoko argazkia tamalgarria zen, Richter eskalan 4,5 eta 5,2 graduko bi lurrikara izan ostean. Herritarrek txundituta begiratzen zioten elkarri, giza laguntzarako banatutako mantak soinean hartuta. Eguna argitutakoan hasi ziren asko gertatutakoaz jabetzen, eta horrekin batera etorri ziren agintariei eginiko lehen kritikak ere.

Izan ere, jarduera sismiko handiko eremuan dago Murtzia, eta, horren jakitun izanda, aurreikuspen falta egotzi diete agintariei. Geologoen Elkargo Ofizialak, esaterako, erabat arbuiatu du hiriko ospitaleak husteko hartutako erabakia, «azpiegiturak behar bezala segurtatuta» izan beharko bailirateke halako inguruneetan. «Estatu espainoleko lurrikaren inguruko araudia 1970ekoa da eta oso zaharkitua dago. Murtziako lurrikara erlatiboki txikia izan da oraingoan, 5 gradukoa; duela bi hilabete Japonian izandakoak 9 gradu izan zituen. Zer gertatuko litzateke horixe bera Murtzian gertatuko balitz?», galdetu dute.

Halaber, kaltetutakoak artatzeko garaian izandako gabeziak ere salatu dituzte bizilagunek. Lorcako Azoka egin ohi den aretoa atondu zuen Udalak euren etxeetatik alde egin behar izan zutenak aterpetzeko, baina 12.000 lagun inguruk izarren pean eman zuten gaua, zeharo babesgabe. «Inork ez digu ezer esaten, ez dakigu noiz itzuli ahal izango dugun geure etxeetara», kexatu dira herritarrak.

Hain justu, eraikinek jasandako kalteak ebaluatzen hasi ziren atzo arkitektoak; horretarako, larritasunaren arabera, kolore bateko edo besteko pegatinak jarri dituzte atarietan.

Bederatzi hildako dagoeneko

Lurrikarak bederatzi hildako eragin ditu dagoeneko, eta 300dik gertu dira zauritutakoak. Hildakoengatik hileta elizkizun bateratua antolatu du Udalak gaur bertarako, eta hiru dolu egun ere ezarri ditu.

Elkartasun keinuek ez zuten etenik izan Estatuko txoko orotatik, eta hauteskunde kanpainan murgilduta diren alderdiek bertan behera utzi zituzten atzokoan ekitaldiak ere. Berdeek, bestalde, arrisku sismikoa tarteko, Valentziako Cofrentes zentral nuklearra ixteko eskatu die agintariei.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo