Elgetak hartuko du maiatzeko azken asteburuan Mundumira, Los Delinqüentes talde izarrarekin
Maiatzaren 27, 28 eta 29an munduko kulturen besta ospatuko dute Elgetan, eta mila biztanle pasatxoko herriak milaka lagun hartuko ditu adin eta gustu guztietarako ikuskizun eta ekintzekin gozatzeko.
Maider IANTZI | DONOSTIA
Debagoieneko Mankomunitateak eta «Euskal Herria» aldizkariak eskualdean ere aurkeztu zuten beren jaialdia, baina Mundumirak hartu duen dimentsioak proiekzio nazionala merezi duela-eta, Donostian izan ziren atzo Elgeta agertoki ireki erraldoi bihurtuko duen ekimenaren nondik norakoak azaltzen.
Oxel Erostarbe herriko alkate eta Mankomunitateko kideak adierazi zuenez, apustu sendoa egiten dute besta honen alde, bailarara bisitariak erakartzeko, ingurua ezagutarazteko eta hango eta hemengo kulturak batzeko. «Zazpigarren edizio honetan, jaialdia Elgetara ekartzea lortu dugu. Erronka handia da, eta elgetarrok ondo erantzun dugu». Doan kanpatzeko aukera, garraio publikoan etortzeko zerbitzu bereziak eta ibilgailua aparkatzeko gune zabalak aipatu zituen aurtengo berrikuntza gisa.
Orduro ekintzez gozatuz
Maiatzaren 27, 28 eta 29rako hain egitarau betea prestatu dute, orduro izanen dela gozatzeko aukera adin eta gustu guztietarako ekintzekin. Sergio Cruzado Gin enpresako kide eta musika arduradunak zehaztu zuenez, kubatar doinuak iritsiko dira Habana Con Kola taldearekin eta afrobeat musika Moya Kalongorekin, bertze hamaika proposamenen artean. Hemengo ordezkaritza ere zabala izanen da: The Billie Jeans, Andrakan, Mery May + Ain_1, Kukubiltxo, Oreindik... Eta, urtero bezala, izar bat egonen da: oraingoan Los Delinqüentes etorriko da Jerez de la Frontera aldetik disko berria aurkeztera, letra jenial eta kantu animosoekin.
Haurrentzako Irrien Lagunak eta hainbat jolas izanen dira, boulder txapelketa, foro solidarioak, mendi itzuliak, artisautza azoka... Musika, kale animazioa, natura eta gastronomia elkartuz, asteburu ederra pasatzeko.