GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

HAUTESKUNDEAK EUSKAL HERRIAN

Hautagaiei gutuna

Edorta JIMENEZ

Mundaka, Urdaibai, Erreserba: indioak. Gu geu. Urte guztian berton bizi garenok, Indio. Bai. Jakazulek, yanki horiek, zer egin gura duten begira. Etxe gehienak hutsik eta hala ere etxe berriak zelan eraikitzen dituzten begira. Begira eta begira, beti begira? Noiz arte? Maiatzaren 22an utzi ahalko diogu begiratze hutsari. Eskualdea soziologikoki zer den badakigu eta, badugu gure dantza dantzatzeko garaia. Horretarako Donibane gaueko suak hilabetez aurreratu behar. Eta horrexetarako bildu gara. Eta indio asko Bildu garela eta, Jakazulak bildur dira.

Bildu egin garela-eta bildur direnek Bildur alderdi zabala osatu dute. Hortxe dira Erreserban Gug Bi Museoa ezarri gura izan digutenak. Horrexetara sartu dira Erreserba bera murriztu gura digutenek. Horrexekin batu dira baserria erosi eta txaleta egiten dutenak. Hortxe gure arrantza portuak jostailu bi- hurtu dutenek. Horrexentzat lan egiten dute behin behineko enplegutxoak banatzen dituztenak. Kutsatu gabeak Bildur dira. Besteok ia-ia bildu ezinik lotu gara baina, ai ene, ez!

Erreserbako bazterretan indio anonimo ugari dago, ez da egia, Jeronimo? Gazteak dira orain arte Erreserbako bazterretan egon diren horiek, eta pozik gara zaharrok. Bada, gure jakinduriaren pittin batek Jakazulen gure eskubideen aldeko borroka bakarrean lagundu ahal badu, jakin ezazue, Urdaibaiko Indio Gazteok laguntzeko prest garela. Horretarako maiatzaren 22ko gaueko dantzan elkarrekin bildu behar dugu. Has gaitezen sua isiotzen, bada.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo