GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

Kronika| | «Letrak eta futbola» zikloa Bilbon

Asperralditik sortu eta aldartean eragiten duten bi pasio ez hain ezberdin

Athletic Club fundazioak antolatuta, «Letrak eta Futbola» mahai-inguruen bigarren saioa egin zuten atzo Bilbon eta lehen mailako taldea izan zuen: Koikili Lertxundi eta Igor Gabilondo jokalariak batetik, eta Kirmen Uribe eta Bernardo Atxaga idazleak bestetik.

p010_f01_250x124.jpg

Ane ARRUTI

Lehen begi-kolpean bateraezinak badirudite ere, futbola eta literatura izan zituzten atzo mintzagai bete-bete egin zen Bilboko Foru Liburutegian, eta bai, badituzte antzekotasunak, uste baino gehiago gainera. «Borgesek zioen futbolak ez duela ezertarako balio», esan zuen Kirmen Uribek, «baina euskaldunak behiak hezteko baino ez dugula balio ere aipatu ohi zuen; egia da, baina, idazle bati futbola gustatzea gaizki ikusita dagoela», gaineratu zuen. Behiak izan zituen gogoan Bernardo Atxagak ere. Mikel Laboak Zizurkilgo zelai batean jo behar zuen kontzertu bateko soinu probetan, behi talde batek bozgorailuak nola miazkatu zituen kontatu zuen. «Hau da Orfeoren mitoa gipuzkoar erara -bota zuen-. Esan nahi dut, badirela gugan eragin batzuk arrazoi intelektorik ez dutenak eta futbola ere horrela da, aldartean dauka eraginik zuzenena. Gu ere nahiko behiak gara».

Koikili Lertxundik futbolari eta literaturzale izatearen bateraezintasuna errefusatu nahi izan zuen. «Agian, ez dute aitortzen. Badirudi guztiok Playstationekin goazela, baina asko dira irakurtzeko teknologia berriak erabiltzen dituztenak».

Euskal identitatean eragina

Behi sen horretatik aparte, hala ere, ideiek ere beren garrantzia dutela arrazoitu zuen Atxagak. «Athletic-ekin lehen harremana gerra garaiko kontuekin batera izan nuen. Nire amak kontatzen zuen nola joaten ziren jokalariak Eibarrera bertan atseden hartzen zuten gudariekin jokatzera. Horregatik Athletic-en eta Euskal Herriaren historia paraleloan joan dira niretzat». Bere esanetan, «ideologia politikoarekin batera, pertsona bat nola sentitzen den adierazten duen seinale zehatzena da talde batekoa izatea».

Realean aritutako Gabilondok erantsi zion: «Lehen taldeak bai, baina pertsona baten bigarren taldea zein den jakiteak ere asko esaten du». Bilbotik deitzea beretzat sekulakoa izan zela adierazi zuen; «baina etxean jarraitzen dut. Beti izan naiz euskal taldeen aldekoa eta sentimendu hori ez da hainbeste aldatzen».

Atxagak Josu Jon Imazek elkarrizketa batean esandako hitzak ekarri zituen gogora. «`Ni Athletic zalea naiz baina semea Real Madrilekoa da', esan zuen, eta nire lagun batek ondotik: `Honek ez du etorkizunik euskal politikan'». Handik gutxira utzi omen zuen Imazek bere kargua.

Uribek bi pasio hauen antzekotasunak zerrendatu zituen eta, horien artean, hasierak garrantzi handirik ez duela azaldu zuen. «San Mames beti partida hasi eta bost minutura betetzen da». Gabilondok, ordea, ukatu egin zuen antzekotasun hori. «Guk askotan lehen hogei minutuetan irabazten dugu partida eta ondorengo minutuek ez dute ezertarako balio», esan zuen txantxetan.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo